GAZTASHOW Plazaolan, larunbat honetan, apirilak 6, Lekunberrin

Gazta, artzain tradizioa, oroitzapenezko pintxoa eta umorea izanen dira larunbat honetan, apirilaren 6an, Lekunberrin, Plazaolako estazio zaharrean. Hau guztia, maiatzaren 19an Leitzan ospatuko den Emakume Artzainen Egunaren hirugarren edizioaren aurrerapena izanen da.

Plazaola artzaintza-tradizio handiko lurraldea da eta, artzaintzari lotutako kultura horretan, Idiazabal gazta da bere adierazpen identitario eta zaporetsuenetako bat. Horretan ere, emakumeek izan duten eta duten garrantzia funtsezkoa da. Hori da, hain zuzen, Plazaola Partzuergo Turistikoko hainbat emakume gaztagilek duela 3 urte bultzatu zuten ekimenaren funtsa: lurraldea, gazta eta gastronomia, eta emakume askoren lana aitortzea.

Aurten, gainera, Plazaola Partzuergo Turistikoaren 30. urteurrenarekin bat dator, eta horregatik, uda honetatik aurrera eginen diren jardueren programa prestatzen ari da.

Kata profesionala “Idiazabal JI”-ren eskutik

Beste urte batez, Idiazabal Jatorri Izendapenak lagunduko du ekitaldi honetan eta, Joxerra Agirianoren eskutik, produktu bikain honen sekretuak ezagutuko ditugu.

Horretarako, gure lurraldean egindako gaztekin (gazta naturala, gazta ketua eta gazta zaharra), zentzumen guztiak landuko ditugu. Arratsaldeko 17:00etan izanen da eta aldez aurretik izen-ematea beharrezkoa da 639 418 463 telefonora deituz (5€ dira pertsona bakoitzeko, telefono horretatik ordainketa bideratuko delarik).

“Plazaola” pintxoaren aurkezpena, emakume gaztagileak eta umore handia

Nola ez, gazta izanen da larunbat honetan Lekunberrin aurkeztuko den “Plazaola” izeneko pintxo berriaren osagai nagusia. Gaztarekin batera, txistorrak ere (Urrutiaenea) protagonismoa izango du. Gastronomia munduan oso ezagunak diren Iruñeko BASERRIBERRI jatetxeko Iñaki Andradas eta Luken Vigo maisuek bideratuko dute ekitaldia Lekunberriko Plazaolako geltokian.

Baina ez dira bakarrik egongo! Izan ere, pintxoaren sormen eta originaltasun gastronomikoaren aurretik, gaztaren ekoizpena dugu eta, honetaz aritzeko, Plazaola inguruko zenbait emakume gaztagilek ere parte hartuko dute aurkezpen honetan. Horretarako, Alazne Etxeberria aktorea izango dute lagun eta, denen artean, modu umoretsuan, artzaintza eta gaztagintzaren isilpeko kontuak ezagutaraziko dizkigute.

Pintxo hau, Aldazko Martitxonea sagardoarekin eta Oskozko Sagardikoetxea sagar zukuarekin dastatu ahalko da.

Pintxo honek ospakizun kutsua du, “Plazaola” izena jarri izanak urtebetetze oparia izan nahi baitu Plazaola partzuergoarentzat, 2024an 30 urte beteko baititu.

Ekitaldia, 18:00etan izango da eta, adi! plaza mugatuak daude. 10€ko kostua izanen du pertsonako. Izena emateko, aldez aurretik 639 418 463 telefono zenbakira deitu behar da, ordainketa telefono bidez eginen delarik.

Dastaketa eta gazta salmenta

Plazaolako dendan, geltokian bertan, turismo bulegoaren ondoan, Plazaolako gaztak dastatzeko aukera izanen da eta bertako gaztez gain, Plazaola partzuergoko beste ekoizleen produktuak salduko dira: sagardoa, txistorra, ontziratutako taloak, patea, eztia, etab. Hau guztia Lekunberri-Larraungo trikitilarien musikarekin girotua.

Umore saioa Kantinan

Arratsaldea ezin hobeto bukatzeko, 19:30ak aldera, Alazne Etxeberriak ligatzeko intringulisa azalduko digu. Berez, oso zaila da… Plazaolan gehiago? Barre asko Plazaolako Kantinan (Plazaolako biltegi zaharrean). Bertan, gainera, zerbait hartzeko edota pintxo bikainak dastatzeko aukera aparta izanen da.

Maiatzaren 19an Leitzan ospatuko den III. Emakume Artzainen Eguneko atarikoak

Larunbat honetako ekitaldiak aurten Leitzan ospatuko den III. Emakume Artzainen Egunaren atarikoak izanen dira. 2022an Lekunberri-Larraunen eta iaz Arriben (Araitz-Betelu) ospatu zen Plazaola-Mendialdea lurraldeko topaketa ibiltari hunkigarria dugu honakoa. Oraingoan, aurreko urteetan omenduak izan ziren emakume gaztagileek emango diete lekukoa Leitzaldeko emakumeei. Eta hau izanen da Leitzako emakume gaztagileekin eta udalarekin batera lantzen ari garen egitarau zabal baten ekitaldi nagusia. Bertan, erakustaldiak, dastatzeak, gazta salmenta eta abar izango dira. Horren guztiaren berri laster emango dizuegu.

Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du. “Gaztashow” ekimena III. Emakume Artzainen Egunaren barruan eta Lekunberriko Turismo Bulegoa dinamizatzeko ekintzetan barne dago. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza du, Turismoko Zuzendaritza Nagusiaren eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez. Plazaola Partzuergo Turistikoak antolatzen du, Leitza eta Lekunberriko udalen, Plazaolako Kantinaren eta HABELARTE elkartearen laguntzarekin.

Facebook
Twitter
LinkedIn
WhatsApp
Email