Urte hasieran Lekunberriko Udalak plaza inguruko mugikortasuna lantzeko prozesu parte-hartzailea abiatu zuen. Aurreko legealdian egin ziren zenbait esku-hartzeren ondorioz sortu ziren arazoei konponbidea ematea izan da asmo nagusia, eta 3 ardatz nagusiren inguruan egin dugu lan: mugikortasun jasangarria, herritarren parte-hartzea eta eskuhartzeen bideragarritasun ekonomiko, tekniko eta soziala.
Prozesuak iraun duen hilabete hauetan askotariko ekarpenak eta ideiak jaso dira. Lehenik, prozesuaren aurkezpen ekitaldi bat antolatu zen, ondoren bilera sektorialak egungo egoeraren diagnostikoa eta lehenengo proposamenak jasotzeko (merkatari, ostalari, zerbitzuetako ordezkari eta alde zaharreko bizilagunekin), herritarrekin bilera irekia ere egin zen eta online galdetegi bat ere jarri ziren martxan. Ondoren, diagnostikoa oinarri hartuta, talde teknikoak proposamenak landu zituen eta bilera erronda bat abiatu zen proposamen horiek kontrastatu eta guztion artean fintzeko. Azkenik, asteazkenean, urriaren 2an, azken proposamena aurkezteko bi bilera egin dira. Osotara, 120 bilagunek parte hartu duten bileretan eta ekarpenak egiten, eta osotara 200bat ekarpen jaso dira.
Behin prozesua bukatuta, Udala epe motzeko neurriak hartzen hasiko da plaza inguruan , hala nola, oinezkoen bide saretu eta seguroagoak eraikitzen, aparkalekuak berrantolatzen eta oztopo arkitektonikoak ezabatzen. Epe ertain luzera bestelako neurriak hartuko ditu. Neurri horien segimendua egiteko, jarraipen talde bat sortuko du Udalak, neurriak hartu ahala herritarrengan zer-nolako eragina duen aztertu ahal izateko eta behar diren hobekuntzak egiteko.
Udalak herri bizigarriago bat eraikitzea du helburu, guztiontzat izango dena eta mugitzeko orduan, oinezko, ibilgailu zein bizikleten arteko elkarbizitza egokia sustatuko duena. Oro har, balorazio ona egiten dugu herritarrek azaldu duten jarreraren inguruan eta uste dugu urrats bat egin dugula Lekunberri inklusibo, anitz eta jasangarri bat eraikitzeko bidean.
Prozesuak eman duenaren inguruko informazio guztia udaleko web-orrian egongo da ikusgai.