Ihoteak
Lekunberriko ihote edo inauteriak, Inauteri Igandearen aurreko asteburuan ospatzen dira, eta musika, mozorro eta kalejiraz beteriko egunak dira. Ostiralarekin, Herri Ihotea ospatzen da musika eta dantzan, Alde Zaharrean kalejiran, urtean izandako gauza txarrak irudikatzen dituen Attezarko harrapatu eta ziegan espetxeratzen den arte. Larunbatean, bestalde, txarangaz alaiturik taldeka mozorrotzen dira lekunberriarrak, kolorez beteriko festa alaitsu batean. Ondoren, arratsaldez, joaldun, izaki mitologiko eta musikaz lagundurik Attezarko erretzen da Herriko Plazan, eta festa gauera arte luzatzen da herriko zenbait txokotan.
OTSAILA
Kulturaldia
Apirila-maiatza bitarte, Larraun mailan antolatzen den kulturaz beteriko zikloa da. Ikastaroak, musika, literatura, naturaren inguruko ekintzak, besteak beste, ospatzen dira. Ekintza hauek bailarako Kultur Mahaiaren parte hartzearekin antolatzen dira, bertako bizilagunak ezinbestekoak baitira oihal soziala eta kulturala mantentzeko.
maiatza
Larraungo Eguna
Bailara osoa elkartzeko eguna izaten da ekaineko bigarren asteburua. Larraungo herri batean ospatzen da, urtero txandakatzen dena, bailarako topaketa nagusia herri guztietara heltzeko nahian. Larraungo kultura, ohitura eta tradizioak mantendu eta ospatzeko eguna da, auzolanean antolatua, musika, dantza, kirola, bertsolaritza, antzerkia eta beste hainbat alor batzen dituen festa. Eguerdian, Larraungo Ingurutxoa dantzatu ostean, unerik bereziena herri bazkaria izaten da, urtero 300 lagun baino gehiago biltzen dituen otordu erraldoia.
ekaina
Udako programazioa
Gure herria eta bailara bisitatzen duten kanpotar zein bertakoentzat ekintzen egitarau berezi bat antolatzen ohi da Lekunberri eta Larraungo Udalen artean, gure herriak dinamizatu eta bertako eskaintza turistikoa lehen lerroan ezartzeko: hitzaldiak, tailerrak, aire zabaleko zinea, haurrentzako ludotekak… Horrez gain, herrietako festen hilabeteak izaten dira ere, gure txoko guztiak alaitasunez betetzen direlarik.
abuztua
Jardunaldi Mikologikoak
Bere kokaleku geografikoari esker, Nafarroa ospetsua da bere abundantzia mikologikoari dagokionez. Bertakoa den Ttutturre Kirol Elkartearen eskutik, ia 300 onddo espezie katalogatzen dira urtero, honen ostean publikoari erakusteko. Honekin batera, onddoz eginiko pintxo bikainak dastatzeko aukera ere izaten da, baita ziza eta perretxikoen inguruko beste erakustaldiak ere ospatu ohi dira.
urria
Euskararen Eguna
Abenduaren 3a egun seinalatua da euskaldunontzat, gure hizkuntzaren eguna ospatzen dugulako, Nafarroaren Egunarekin batera. Urtero antolatzen den Mikroipuin Lehiaketaren sari-ematea egun honetan ospatzen da, eta euskarazko musika zein literaturaren inguruko saioak ere antolatzen dira.
abendua
Santa Ageda Bezpera
“Euskal Herriko eguna”, kopla zaharrek dioten bezala, Larraunen ere kalez kale ibiltzen gara otsailaren 4a den egun berezi honetako abestiak kantatuz. Txistularien laguntzaz, Lekunberri eta bailarako herri batzuk bisitatzen dira, urtez urte txandakatzen direnak, kantuan eta bertsotan, tradizioa bailara osora heltzeko nahian.
OTSAILA
Natur Bideen eguna
Plazaolako Natur Bidearen hiriburu izanda, gure burdinbide berdeak promozionatzeko eta ezagutarazteko helburuarekin ospatzen da, bi urtetik behin, eta bizikletaren inguruko ekimen eta jarduera ugari antolatzen dira: txangoak, hitzaldiak, konponketa tailerrak, azoka, etab.
MAIATZA
San Juan
Euskal Herriko hainbat txokotan bezala, ekainaren 23an udako solstizioaren ospakizunarekin hasi ohi dira Sanjuanak Lekunberrin. Suaren inguruan dantzan eta saltoka, gau berezia izaten da herrian. Biharamunean, ekainaren 24an, herriko zaindariaren eguna ospatzen dugu, musika eta Herriko Plazan antolatzen den bazkari handi batekin. San Juan egunaren inguruan, asteburuan batez ere, bestelako ekitaldiak antolatzen dira uda hasierarekin batera: Garagardo Azoka, aurreko urtean erroldatu diren bizilagun berriei harrera, Kultur Aniztasun Jaialdia, kontzertu eta emanaldiak, besteak beste.
ekaina
Nekazari Eguna
Bertako abeltzaintza eta nekazaritza bultzatzeko eguna, lehen sektoreak behar duen bultzada emateko sortua. Egun bizi garen munduan, bertakoen lanaren garrantzia eta beharra ere azpimarratzea beharrezkoa da, bertako produktu eta animali-arrazak erakutsi eta bizirauteko sortu zen azoka da. Urtero gai ezberdin bat jorratu izan da: bertako behorrak, betizuak, nekazal produktuak…
iraila
Festa Nagusiak
Urriaren 12an ospatzen den Pilar Egunaren inguruan ospatzen dira Lekunberriko festa nagusiak. Bost eguneko festak musika eta kolore eztanda izaten dira, eta urtez urte ekintza tradizional ugari ospatzen dira: kontzertuak, erraldoi eta kilikiak, haurrentzako jolas eta antzerkiak, euskal dantzak, bazkari eta lehiaketa gastronomikoak, adin guztietarako dantzaldi eta emanaldiak… Herriaren inplikazioa geroz eta handiagoa da, batez ere asteburuan ospatzen diren kontzertu eta emanaldietan.
urria
Gabonak
Urteari amaiera emateko, gure bailaran egun seinalatuak dira abenduaren amaiera eta urtarrila hasierakoan. Gabonak Olentzero eta Mari Domingiren etorrerarekin hasten ditugu, Gabon Gauean, eta herriko txoko guztiak zeharkatuko dituzte opariak eta euren maitasuna etxe guztietara ailegatzeko. Ondotik, hainbat kultur ekintza antolatzen dira aste horietan zehar: antzerkiak, literatur solasaldiak, kontzertuak, edota haurrentzako tailerrak. Lekunberri argiz betetzen da, eta baita etxeen apainketaren inguruko lehiaketa bat ospatu ohi da ere. Azkenik, Gabonei amaiera ematen zaie Errege Magoen Kabalkadarekin, herria zeharkatuz, kolore eta magia berezia duen urtarrilaren 5eko arratsaldean.
abendua
Lekunberriko Krossa (Arruitzeko Txikito Memoriala)
Martxoaren erdialdean ospatzen da Lekunberriko lasterketarik bereziena, jadanik 30 edizio baino gehiago ospatu direla. Haur, gazte zein helduek parte hartzen dute, eta urtero ekintza solidario bati bideratzen zaio dortsalen salmentan jasotakoa. Beraz, kirola maite dutenentzat gorriz seinalatutako data!
MARTXOA
Loreen azoka
Maiatzaren hirugarren igandean ospatzen da, udaberri bete-betean, herriko etxeetako leiho eta balkoiak lorez apaintzeko aukera paregabea da. Bertan eskura daitezke denboraldian izango diren lore eta landarerik ederrenak, gure herriko plaza eta karrikak koloretsu izan daitezen.
MAIATZA
Antzinako Azoka
Abuztuaren lehen igandean, Lekunberri iraganera itzultzen den eguna. Ospakizun handia, laster bere 30. Edizioa ospatuko duena, herria Erdi Arora itzuli egiten da, bertako produktuen azoka handiarekin eta herrian jartzen diren dekorazioekin. Horrekin batera, bizilagunak ere antzinako arropekin jantzi ohi dira, benetako anbientazio ederra sortuz. Musika eta dantza emanaldiak izaten dira egun osoan zehar, eta urtero gai ezberdin baten inguruan antolatzen dira ekintza bereziak: antzinako musika, herriko etxeen historia, Larraungo euskara, etab.
abuztua
Nafar Sagardo Eguna
Larraungo bailaran badira Nafarroan sagardoa ekoizten duten zenbait sagardotegi, eta beraien eskutik ospatzen dugu Nafar Sagardo Eguna Lekunberrin. Nafarroako sagardo-ekoizleek bere produktuak erakutsi eta saltzeaz gain, sagardoa sortzeko prozesuaren inguruko erakustaldiak ere ospatzen dira, hala nola, ezaguna den kirikoketa: sagardoa makil handi batzuekin kolpatuz egiten den errituala, bertatik etor daiteke egungo txalapartaren aitzindaria.
iraila
Gau Beltza
Hilduen Egunaren bezperan, herriko karriketako argiak itzali eta antzinako ipuin eta kondairak kontatzen dira eta amaieran, garbitegi zaharrean, gure desioak sutan erretzen ditugu. Ondoren, udazkena izanda, gaztainak jan ohi ditugu Herriko Plazan musikaz lagundurik. Azken urteetan indarra hartu duen ospakizuna da, gure inguruko beste herrietan gertatu izan den moduan.
urria