Lekunberriko Udalak bi proiektu estrategiko esleitu ditu herria jasangarriagoa eta eraginkorragoa bihurtzeko.

zken bi asteetan herrirako garrantzitsuak diren bi proiektu esleitu ditu Lekunberriko Udalak. Martxoaren amaieran ur zerbitzua digitalizatzeko proiektua esleitu zuten, eta apirilaren hasieran berriz, Alde Zaharreko kalea konpontzeko lanak, Galburu okindegitik Mitxausenea kultur etxearen ingururaino. Bi proiektu hauekin Lekunberriko zerbitzu eta azpiegiturak hobetzeko bidean aurrera egiten du udalak.

Uraren zerbitzua digitalizatzeko lanak CIAQUA enpresari esleitu zaizkio 299.746,6 €-tan. Horretarako, 230.000 euroko dirulaguntza jasoko du Lekunberriko Udalak. Lanak hurrengo asteetan hastea aurreikusten da, eta Udalak bilera ireki bat antolatuko du herritarrak informatzeko.

Uraren zikloari dagokion inbertsio horrekin, uraren erabilera eraginkorragoa lortzea, horniduraren kudeaketa hobetzea eta aurrezpen maila ebaluagarriak izatea da helburu nagusia. Horretarako, etxe guztietan (900 inguru) teleirakurgailu bidezko kontagailu digitalak jarriko dira, eta irakurketak egiteko sistema aldatuko da. Horrez gain, herria sektorizatuko da, eta horrek asko erraztu eta hobetuko du sare osoaren kontrola eta ur ihesak antzemateko zeregina. Lekunberrin, adibidez, garai batzuetan 5 litroko galerak izan dira segundoko, eta horrek kostu ekonomiko eta ingurumen inpaktu handia eragiten du. Horregatik, beharrezkoa da ur horniduraren azpiegiturak hobetzea eta jasangarriagoak egitea.

Esleitu den beste proiektua Alde Zaharraren zati bat berritzeko lanei dagokie. Zehazki, 14-22 zenbakiak hartzen dituen kalean hoditeria eta zoladura berrituko dira (Galburutik Mitxausenera doana). Obra horiek ERKI Eraikuntza enpresari esleitu zaizkio, 659.102,97 eurotan, eta lanak hurrengo asteetan hastea aurreikusten da. Nafarroako Toki Inbertsioen 2023-2025 Planaren barnean daude lan horiek, eta Nafarroako Gobernuak 420.000 euro inguruko ekarpena egingo du.

Lan horiekin, ur beltzen sarea berrituko da eta baita etxeetako harguneak ere. Euri-uren sareko kolektore eta kaleetako sareak ere egokituko dira, eta zerbitzuak eskaintzeko azpiegiturak ere bai (elektrizitatea, telefonoa…). Zoladura berria jarriko da kale horretan, eta garrantzi berezia emango zaio ibilgailuen pasabide nagusia, aparkalekuak eta oinezkoen eremuak ongi bereizteari.

Bi proiektu horien esleipenarekin, miloi bat euro inguruko inbertsioa jarriko dugu martxan, eta inbertsioen atalaren ia %50 gauzatuta geldituko da. Aurrera begira, aurrekontuan jasotako beste proiektuak gauzatzen joanen gara, herriko beharrei erantzunez eta herriko zerbitzu eta azpiegiturak hobetuz.

Facebook
Twitter
LinkedIn
WhatsApp
Email