Lekunberriko Antzinako Azoka Plazaola-Mendialdeko ekitaldirik errotuenetako bat da. Aurten, abuztuaren 1ean eta 2an, 30. edizioa ospatuko du. Horren harira, egitaraua bezperara zabaldu da: ekitaldiak larunbatean, abuztuaren 1ean, hasiko dira herritarren parte-hartzea eta aktore profesionalak uztartuko dituen antzerki-emanaldi batekin. Igandean, abuztuaren 2an, aldiz, ohiko azoka handia ospatuko da.
Urtero bezala, aurtengo edizioak ere Lekunberriko eta Larraungo historiari, kulturari eta tradizioei lotutako gai bat izango du ardatz. Aurten, abuztuaren 1ean, larunbatarekin, 19:00etan, mende batzuk atzera egingo dute ikusleek, 1430ean herria eta bertako etxe guztiak suntsitu zituen sute handia gogoratzeko. Gertaera haren ondoren sortu zen egun ezagutzen dugun herriaren gehiena, eta “LEKUnBERRI” antzerkian, pasarte horretatik abiatuta, herriko bizilagun talde batek, Loren Arangoa eta Esti Curiel aktoreekin batera, umorez eta bizitasunez beteriko antzerki-eszenak eskainiko ditu (horietako batzuk benetan gertaturiko pasarte eta kontuetan oinarrituak). Ekitaldi berezi hau Larraun-Lekunberriko Kultura Sailak eta Ondare Kultur Elkarteak antolatu dute, azken hau bertako ondarearen inguruan lanean dabilen taldea dena.
Igandean, abuztuaren 2an, Lekunberriko kaleak jai-giroz beteko dira 10:30etik 20:00etara. Ohiturari jarraituz, artisautza-postuak, musika ibiltaria, animaliak eta nekazaritzako tresna tradizionalak, erraldoi eta buruhandien konpartsa, txistulariak, dantzariak eta beste hainbat ikuskizun izango dira. Herriko kaleak eta etxeak dagoeneko apaintzen ari dira, antzinako azoketako giro berezia berriz sortzeko.
Banderaren dantza eta musika egun osoan zehar
Azokaren egunak goizeko 10:30ean izango du bere hasiera, ezkil-jotzearekin, urtero bezala. Lehen ordutik bertatik txistulariek, juglareek eta trobadoreek girotuko dituzte herriko kaleak.
Eguerdiko 12:00etan izango da azokako unerik adierazgarrienetako bat: Banderaren Dantza. Urtez urte errepikatzen den erritu honetan, Aralar Udal Musika Eskolako txistularien doinuekin batera udal-bandera altxatuko da, Udaletxearen aurrean.
Egun osoan zehar, ferietako musika ibiltaria izango da protagonista. Saltinbanki taldea eta kalez kale ibiliko diren musikariekin batera, bertako musikariek ere parte hartuko dute. Txistuak, trikitixak, dultzainak, eta danborrak izango dira Lekunberriko kaleak alaituko dituzten doinu tradizionalen oinarria.
Arratsaldean 18:00etan Lekunberri-Larraungo erraldoi eta buruhandien konpartsak hartuko du protagonismoa, musikarien eta dantzarien laguntzarekin. Jardunaldiari amaiera emateko, 20:00etan musika eta sua uztartuko dituen ikuskizun berezia eskainiko da.
Gero eta jasangarriagoa, irisgarriagoa eta inklusiboagoa den ekitaldia
Plazaola Partzuergo Turistikoak eta Lekunberriko Udalak, Nafarroako Gobernuko Turismo Zuzendaritza Nagusiaren jarraibideekin bat eginez, lanean dihardute eskualdeko ekitaldiak gero eta jasangarriagoak, irisgarriagoak eta inklusiboagoak izan daitezen.
Plazaolaren (www.plazaola.eus) webguneetan neurri guztiak xehe azaltzen dira. Horien artean, aipatzekoak dira:
- Garraio publikoaren erabilera sustatzea; egun horretan Lekunberrira iritsiko diren autobusen ordutegiak eskuragarri egongo dira (Conda / Alsa).
- Azokaren eremutik kanpo prestatutako aparkalekuak. Aurten, berrikuntza gisa, gogorarazten da autokarabanen gunearen ondoan ere aparkatu daitekeela, Aralarrerako bidean, alde zaharrarekin lotzen duen bidea berritu baita.
- Mugikortasun Urriko Pertsonentzako (MUP) aparkalekua, pilotalekuaren ondoan.
- Komun egokituak, pilotalekuaren ondoan.
- Entzumen-desgaitasuna duten pertsonentzako indukzio-begizta informazio-gunean.
- Egitaraua eta komunikazio irisgarriak www.plazaola.eus webgunean.
- “Zero Zabor” ekimena: kolorez bereizitako edukiontziak jarriko dira hondakinak gaika biltzea eta birziklatzea sustatzeko.
- Edalontzi konpostagarriak edarien postuetan.
- Paper birziklatuan inprimatutako seinaleztapen-kartelak.
- Atsedenguneak, pilotalekuaren ondoan.
Ekitaldiari buruzko zerbitzuak, interesguneak eta egitaraua jasotzen dituen mapa esteka honetan kontsulta daiteke: https://labur.eus/jlguwf3s
Tokiko eta Nafarroa osoko produktuen azoka
Egun osoan zehar, bisitariek Plazaola-Mendialdean eta Nafarroa osoan ekoitzitako produktu ugari ezagutzeko eta erosteko aukera izango dute. Guztira, 65 postu baino gehiago bilduko dira.
Plazaola Partzuergo Turistikoak eta Napar Bideak elkarteak Plazaolako artisauen eta Nafarroako Elikagaien Artisauen Elkarteko ekoizleen lanaren erakusgarri onena eskainiko dute. Bisitariek taloak, gaztak, sagardoa, hestebeteak, eztia, ogia, tartak eta beste hainbat produktu dastatu eta erosi ahal izango dituzte. Horiez gain, egurra, zeramika, bitxigintza, ehungintza, larrugintza eta bestelako artisautza-lanak ere izango dira ikusgai.
Bien bitartean, Lekunberriko kale eta etxe zaharrenak prestatzen ari dira, antzinako azokaren giroa berreskuratzeko eta bisitari guztiei ongietorria egiteko.
Plazaola Partzuergo Turistikoak eta Lekunberriko Udalak antolatzen dute. Ekitaldi honek Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du.
Informazio gehiago: https://plazaola.eus/mercado-de-antano

