Lekunberrik Jubilatuen Etxeko Taberna ireki du berriro ospakizun ekitaldi batekin

Atzo, maiatzaren 14an, ireki zuten berriro Lekunberriko Jubilatuen Etxeko taberna, ekitaldi jendetsu eta parte-hartzaile batekin. Udalak martxoaren amaieran esleitu zuen zerbitzua, eta Lekunberriko bizilagun batek kudeatuko du, esleipen-prozesuan proposamena aurkeztu zuen bakarrak. Kontratua urtebetekoa izango da, urtean 1.000 €-ko kanonarekin, eta lau urtera arte luzatu ahal izango da.

San Juan Jubilatuen Elkarteko kideek, eta Aralar Musika Eskolako txistulariek eta kantu taldeak parte hartu zuten, inaugurazio ekitaldia girotuz edo ospakizunean parte hartu zuten herritarrak kantari jarriz.

Arkaitz Goikoetxea Lekunberriko alkateak ongietorria eman zien bertaratutako guztiei, eta iragarri zuen Jubilatuen Etxeko tabernaren kudeaketan etapa berri bati hasiera ematen zaiola, norabide komunitario berri batekin. Jubilatuen Elkarteko presidenteak ilusioz hartu zuen taberna berriz ireki izana, eta zorterik onena opa zien kudeatzaile berriei.

Taberna zerbitzuari eman nahi izan zaion bultzada berria aurreko kudeaketan antzemandako hainbat gabeziak eraginda dator, eta helburua da Jubilatuen Etxeko tabernaren arreta, ordutegiak eta eskaintza hobetzea. Kontratazio pleguak prestatzerakoan eta proiektu berria lantzerakoan, Jubilatuen Elkartearekin eta Mirua mikro-kooperatibarekin batera lan egin da, zeuden arazoak konpondu eta Jubilatuen Etxea espazio komunitario, dinamiko eta parte-hartzaile bihurtzeko helburu nagusiarekin.

Urrats berriak zaintzaren arloan

Aurrerantzean, Jubilatuen Etxeko tabernak egunean otordu osasungarri bat egiteko aukera eskainiko die bakardade egoeran dauden adinekoei, baita sozializatzeko eta lagunartean egoteko jarduera osagarriak ere. Udalaren helburua hasieratik izan da zerbitzua hobetzea eta lokalari erabilera berriak ematea, zaintza eredu komunitarioa sustatuz, eta horretarako lanean ari dira Gizarte Zerbitzuekin, Eguneko Zentroarekin eta Osasun Etxearekin.

Facebook
Twitter
LinkedIn
WhatsApp
Email