Lekunberriko Udalak 2026ko festetako txupinazoaren jaurtitzailea aukeratzeko bozketa ireki du. Herritarrek hiru hautagairen artean bozkatu ahal izango dute, irailaren 29tik urriaren 2ra, Mitxausenean.
Lehen aukera Ilargi, Lanbroa eta Galburu dira, aurten erretiroa hartu dutenak. Hautagaitza horren bidez, herrian denbora luzez egindako lana eskertu nahi zaie, tokiko merkataritzari egindako ekarpena aitortuz.
Bigarren aukera Matxinsalto Haur Eskola da. Proposamen honek herriko haurrak zaintzen egindako lana aitortu nahi du, baita azkenaldian beren baldintzak hobetzeko egindako borrokari ikusgarritasuna eman ere.
Hirugarren aukera Jubilatuen Elkartea da. Hautagaitza horren bidez, herriaren jakinduria gordetzeagatik eta egindako ekarpenagatik merezitako esker ona adierazi nahi da.
Herritarrak parte hartzera eta aurtengo festetako txupinazoa nork botako duen aukeratzera animatu ditu Udalak.
