Lekunberrin kokatuak dauden kirol instalazioak, Eguneko Zentroa eta bestelako zerbitzu batzuk kudeatzen dituen Garapen enpresa publikoak lan hitzarmen propioa izango du lehen aldiz, Lekunberri eta Larraungo Udal ordezkariak langileekin sinatu duten akordioaren ondoren. Hogeita hamar bat langilek osatzen dute enpresa publikoa, eta Lekunberriko eta Larraungo udalek finantzatzen dituzte zerbitzu horiek.
Legegintzaldi honetan zenbait hobekuntza egin dira langileen lan baldintzetan, baina udal ordezkariek eta enpresako langileek egoki ikusi dute lan hitzarmen propio bat adostea. Hitzarmenak 6 urteko iraupena izango du, 2025etik 2030a bitarte, eta berdindu egingo dira kiroldegiko eta Eguneko Zentroko langileen baldintzak, orain arte lantoki bakoitzak bere hitzarmena izan baitu.
Hitzarmen berriaren baitan, hauek dira langileen lan-baldintzak hobetzeko adostu diren neurri adierazgarrienak:
-Lan orduei dagokionez, urtero 20 ordu murriztuko zaie lanaldia, eta 2030. urtean langile guztiek langile publikoen lan orduak izango dituzte, 1690etik 1592 urteko lan orduetara jaitsiz. Monitoreen eta salako teknikoak berriz 1613 urteko lan orduetatik 1535 urteko lan ordutara jaitsiko dira.
-Soldatari dagokionez, sei urtetan Eguneko Zentroko langileen soldatak kiroldegiko langileen soldatekin parekatuko dira, kiroldegiko soldatak handiagoak baitira, eta urtez urte Nafarroako KPIarekin eguneratuko dira: 2025ean %2,7ko igoera ezarriko zaie atzeraeraginez, eta 2026an %2,6koa. Horretaz gain, Eguneko Zentroko langileek 15. paga estra ere jasoko dute aurrerantzean, kiroldegiko langileek bezalaxe.
-Antzinatasunean ere hobekuntza nabarmena izango da: gaur egun, gehienez 4 urteko antzinatasuna aitortzen zaie, eta oinarrizko soldatari %6ko gehigarria eransten zaio; 2026an, 10 urteko edo gehiagoko antzinatasuna dutenek %8ko gehigarria jasoko dute, eta 2027tik aurrera, 12 urte edo gehiago dituztenek %12koa.
-Bajei dagokionez arlo hau urtero hobetzen joango da, eta 2030. urtetik aurrera, aldi baterako ezintasunagatiko prestazio guztiak osatuko zaizkie langileei, soldataren %100era iritsi arte.
Hitzarmen berrian Eguneko Zentroko langileak izango dituzte hobekuntza handienak, kontuan izan behar da zaintza-sektorean gehiengoa emakumezkoa dela eta lan-baldintzak, oro har, ez direla onak. Hori dela eta, bi udalentzat lehentasunezkoa izan da zaintza-lanak duintzea, eta hitzarmen berri honekin aurrerapauso bat eman dugu, zaintza eskubide unibertsal gisa bermatzeko.
Era berean, hitzarmenean hartu diren akordio eta konpromisoak egonkortasun handiagoa ekarriko dio langile taldeari eta beren langintza hobeto garatzeko aukera izango dute. Lan baldintzak hobetuta, zerbitzuaren kalitatea ere hobetu egingo da eta hori onuragarria izango da erabiltzaileentzat ere.