Euskararen Egunaren inguruko egitarau zabala antolatu dute Lekunberrin eta Larraunen

Lekunberri eta Larraungo Euskara Batzordeak hainbat jarduera antolatu ditu abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan. Egitarauak haurrei zein helduei zuzendutako proposamenak bilduko ditu, euskarazko kultur sorkuntza, hausnarketa eta parte-hartzea sustatzeko. Jarduerak azaroaren 21ean hasi eta abenduaren 15era arte luzatuko dira, Lekunberrin, Larraunen eta Gorritin.

Egitaraua azaroaren 21ean, 18:00etan, hasiko da, Gabari Gune Irekian egingo den haurrentzako ipuin-kontaketarekin, Gora Gora Fest ekimenaren barruan.

Azaroaren 27an, bi jarduera izango dira. Alde batetik, 18:00etan, Gorritin, haurrentzako antzerki emanaldia eskainiko da. Bestetik, 18:30ean, Gabari Gune Irekian, «Euskaldunak etxean arrotz» dokumentala proiektatuko da, eta ondoren solasaldia egingo da.

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, 12:30ean, Gabari Gune Irekian, Sormen Lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia egingo da. Jardunaldian Aralar Musika Eskolako musikariek eta abesbatzak, Ibarberri ikastetxeko ikasleek eta antzerki taldeak parte hartuko dute. Horrez gain, lehiaketara aurkeztutako lanen irakurketa egingo da.

Egitarauari amaiera emateko, abenduaren 15ean, 18:00etan, «Euskara ofiziala Nafarroa osoan» aldarrikapenaren inguruko agerraldia egingo da Lekunberriko Herriko Plazan. Euria eginez gero, ekitaldia Ibarberri ikastetxeko patioan izango da.

Lekunberri eta Larraungo Euskara Batzordeak herritarrak jardueretan parte hartzera gonbidatzen ditu, euskaraz gozatzeko, hausnartzeko eta hizkuntzaren inguruko elkarguneak sortzeko.

Facebook
Twitter
LinkedIn
WhatsApp
Email