Energia-faktura murriztu edo etxebizitza hobetu nahi duzu? Energia Leihatila Bakarrak doako aholkularitza eskainiko du 2027an

Sakana-Mendialdeko Energia Leihatila Bakarrak 2027an ere zerbitzua eskaintzen jarraituko du, Nasuvinsako OTC eta ELENA taldeen bidez, Sakanako Mankomunitatetik.

Nafarroako Gobernuak, Sakanako Mankomunitateak eta eskualdeko udalek sustatutako ekimen honek doako aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen du, energia-kontsumoa murrizteko, etxebizitzak hobetzeko eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeko.

Zerbitzua herritar guztiei, etxebizitzen jabeei, jabekideen komunitateei, enpresa txiki eta ertainei, toki-erakundeei eta energia-komunitateei zuzenduta dago.

Zer laguntza eskaintzen du Energia Leihatila Bakarrak?

Zerbitzuaren bidez, herritarrek hainbat gairi buruzko informazioa eta aholkularitza jaso dezakete:

  • Energia aurreztea: fakturak ulertzea eta kontsumoa murrizteko aukerak ezagutzea.
  • Etxebizitzen birgaitze energetikoa: isolamendua hobetzea, instalazio termikoak berritzea eta irisgarritasuna sustatzea.
  • Dirulaguntzak eta finantzaketa: energia arloko proiektuetarako laguntzak ezagutzea.
  • Energia-komunitateak: energia berriztagarria modu partekatuan ekoizteko eta kontsumitzeko ekimenak sortzea edo garatzea.
  • Mugikortasun jasangarria: garraio-aukera jasangarriagoak ezagutzea.
  • Bonu sozial elektriko eta termikoa: laguntza horiek izapidetzeko aholkularitza jasotzea.

Gainera, zerbitzuak laguntza teknikoa, juridikoa, ekonomikoa eta antolakuntzakoa eskaintzen du, proiektuen hasieratik amaierara arte.

Dirulaguntza berriak eta informazio saioa 2027an

Trantsizio Energetikorako Zerbitzuak aurreratu duenez, Nafarroako Gobernuak energia arloko dirulaguntza deialdi berriak egingo ditu 2027an. Besteak beste, energia-komunitateei eta etxebizitzen deskarbonizazioari lotutako laguntzak aurreikusten dira. Deialdi horien baldintzak eta xehetasunak oraindik ez dira zehaztu.

Horrez gain, 2027aren hasieran Mendialdeko herritar guztiei zuzendutako informazio saio berri bat antolatzea aurreikusten da, energia arloko berritasunak eta eskuragarri egongo diren laguntzei buruzko informazioa aurkezteko. Saioaren data, lekua eta gainerako xehetasunak aurrerago jakinaraziko dira.

Nola eskatu doako aholkularitza?

Energia Leihatila Bakarrak arreta pertsonalizatua eskaintzen du Sakanako Mankomunitatean, Uriz kalea 32, Lakuntza, aldez aurreko hitzorduarekin.

Energia komunitateak eta energia aholkularitza – OTC Navarra

Harremanetarako: Ane Galarza Izagirre
Telefonoa: 619 523 169
Helbide elektronikoa: agalarzi@nasuvinsa.es
Webgunea: otcnavarra.es

Birgaitze energetikoa – ELENA taldea

Harremanetarako: Osane Pozueta López de Zubiria
Telefonoa: 686 618 911
Helbide elektronikoa: opozuetl@nasuvinsa.es
Webgunea: Nasuvinsa

Herritarrek beren udaletxean ere kontsulta dezakete zer zerbitzu dituzten eskuragarri.

Facebook
Twitter
LinkedIn
WhatsApp
Email