UEMAk ARNASETIK bideo sormen lehiaketaren bosgarren edizioa jarri du martxan, udalerri euskaldunetako 10 eta 16 urte bitarteko ikasleei zuzenduta. Ekimenaren helburua gaztetxoek sormena eta bideogintza lantzea da, lagunekin, ikaskideekin edo bakarka istorioak sortuz eta beren herriko errealitatea modu naturalean eta harro erakutsiz.
Lehiaketak hiru kategoria izango ditu. LH 5-6 mailakoek herriko berezitasun, esamolde eta bitxikerien inguruko galdera-erantzunen bideoa sortu beharko dute. DBH 1-2koek, berriz, arnasgune batera iritsi berri den ikaskide bati ongi etorria emateko bideoa egin beharko dute, “Bertso Dub” formatuan. DBH 3-4koen erronka sare sozialetako elkarrizketa digital baten bidez euskararen erabilera sustatzea izango da. Lanek gehienez 2 minutuko iraupena izango dute.
Guztira 4 sari banatuko dira, 2.000 euro saritan: 500 euro LH 5-6 kategorian, 500 euro DBH 1-2 kategorian, 500 euro DBH 3-4 kategorian eta 500 euro publikoaren sarian. Sariak euskarazko produktu eta esperientzietan erabiltzeko opari-bonu moduan emango dira.
Izena emateko epea irailaren 15etik urriaren 15era izango da, eta lanak aurkezteko epea irailaren 15etik urriaren 30era. Sari banaketa azaroaren 26an egingo da, Lekeition. Informazio gehiago arnasagara.eus webgunean dago eskuragarri.
