Lekunberrin “Dena hemen bertan”: hurbileko merkataritza eta komunitatea erdigunean jartzeko

Lekunberriko Udalak eta Lekunberri Mugimenduan merkatari eta ostalarien elkarteak “Dena hemen bertan” kanpaina jarri dute abian, herriko merkataritza eta ostalaritza indartzeko eta tokian tokiko establezimenduek herriaren eguneroko bizitzan duten garrantzia azpimarratzeko.

Tokiko merkataritza, gainera, funtsezko jarduera ekonomikoa da Lekunberrirentzat. 100 pertsonak baino gehiagok egiten dute lan zuzenean udalerriko merkataritza eta ostalaritza-establezimenduetan, eta datu horrek erakusten du sektoreak zer-nolako garrantzia duen tokiko ekonomian, enpleguaren sorreran eta herriaren bizitasunean. Era berean, ostalaritzak zeharkako eragin handia du tokiko enpleguan, eta funtsezko motorra da lehen sektorearentzat; turisten bidez, produktu autoktonoen eta hurbilekoen salmenta bultzatzen da. Inguruko jatetxe eta tabernak bisitariaren eta tokiko gastronomiaren arteko lehen harreman-gunea dira, eta, hestebete tradizionalak, arraza autoktonoen haragiak edo ardi-gazta baloratuak une horretan kontsumitzera ez ezik, udalerriko dendetan erostera ere gonbidatzen dute etxera eramateko. Horrela, esperientzia turistikoak zuzeneko salmentak ekartzen ditu, bertako artzain, abeltzain eta ekoizleen lana mantentzen laguntzen dutenak.

Kanpainaren bidez, herritarren artean indartu egin nahi da tokiko merkataritzarekiko lotura eta kide izatearen sentimendua, eta eguneroko erosketak herrian bertan egiteko deia egin nahi zaie herritarrei. Izan ere, herriko denda, ostatu eta saltokiak erosteko lekuak baino askoz gehiago dira: harremanak sortzeko, ezagunekin topo egiteko eta konfiantzazko tratu bat jasotzeko guneak ere badira.

Bost bideo laburrek osatzen dute kanpaina. Bost merkatari eta bost bizilagun izango dira protagonistak, eta herriko establezimendu batean egunero sortzen den egoera bat erakutsiko du bakoitzak. Erostera sartu eta ezagun batekin topo egitea, elkarrizketa bat partekatzea edo betiko konfiantzarekin artatu gaituztela sentitzea, hortxe dago tokiko merkataritzaren balio erantsia: gertutasunean.

Bideoak datozen egunetan zabalduko dira Udalaren eta Lekunberri Mugimenduan elkartearen komunikazio-kanaletan, herriko merkataritza eta ostalaritzari ikusgarritasuna emateko eta sektoreak Lekunberriko bizitzan duen protagonismoa azpimarratzeko. Horrekin batera, astebetez, herriko establezimenduek tiketak banatuko dituzte, mezu emozional eta zuzenekin.

Kanpaina abiarazi aurretik, ekimena Lekunberriko merkataritza eta ostalaritza sareari aurkeztu zaio, establezimenduak proiektuan inplikatzeko eta kanpainaren mezua sektore osoarekin partekatzeko.

“Dena hemen bertan” kanpainak ideia sinple bat jarri nahi du erdigunean: Lekunberrin behar duguna hemen bertan aurki dezakegula, eta herriko establezimenduak zerbitzu eta saltokiak baino askoz gehiago direla: herriaren nortasunaren, harremanen eta eguneroko bizitzaren parte ere badira.

Ekimen honen bidez, Lekunberriko Udalak hurbileko merkataritzaren aldeko apustua berresten du, ulertzen baitu funtsezko elementua dela udalerriaren garapen ekonomikoa sendotzeko, gizarte-kohesio bultzatzeko eta herri bizi bat lortzeko. Tokiko merkataritza indartzea, beraz, herriko jarduera ekonomikoa sustatzea ez ezik, harremanak, konfiantza eta komunitatea indartzea ere bada.

Bideoak eta informazio osoa hemen ikus ditzakezu.

Facebook
Twitter
LinkedIn
WhatsApp
Email