Bero handiaren aurrean, laneko prebentzio-neurriak zorrozteko deia

Nafarroako Gobernuak bero handiko egunetan laneko osasuna babesteko gomendioak indartu ditu, datozen egunetarako aurreikusitako tenperatura altuen aurrean. Meteo-osasun eremuen arabera, ekainaren 20an eta 21ean arrisku handia aurreikusten da Nafarroa osoan, eta tenperatura maximoak 40 gradutik gorakoak izan daitezke hainbat tokitan.

Aurreikuspenen arabera, ekainaren 22an 37,2 – 40,4 ºC espero dira Nafarroan. Hurrengo egunetan ere beroak jarraituko du, eta zenbait eremutan 41 ºC-tik gorako balioak aurreikusten dira.

Egoera horren aurrean, bero handieneko egun eta orduetan lan astunak saihestea gomendatzen da, baita bakarkako lana ere. Halaber, lan-erritmoa egokitzea, atsedenaldiak maiz egitea eta leku fresko, itzalpeko edo klimatizatuak erabiltzea aholkatzen da.

Langileek ura edo gatzdun edariak maiz hartu behar dituzte, egarria izan arte itxaron gabe. Kanpoan lan egiten dutenek arropa arina erabili eta eguzkitik babestu behar dute, txapela, betaurrekoak eta eguzkitako krema erabiliz. Kafeina, alkohola edo azukre asko duten edariak saihestea ere gomendatzen da.

Beroaren aurrean bereziki zaurgarriak diren pertsonek —adinagatik, gaixotasun kronikoengatik, haurdunaldiagatik edo bestelako arrazoiengatik— beren egoera Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuari jakinarazi behar diote.

Langileren batek karranpak, zorabioak, nekea, desorientazioa edo goragalea baditu, jarduera berehala gelditu eta pertsona leku fresko edo klimatizatu batera eraman behar da. Sintomek jarraitzen badute, 112 zenbakira deitu behar da.

Beroarekiko esposizioak eragindako osasun-kalteak lan-istriputzat hartzen direla ere gogorarazi du Nafarroako Gobernuak, bai ikerketa egiteko, bai bide ofizialetatik jakinarazteko.

Facebook
Twitter
LinkedIn
WhatsApp
Email