Lekunberrin “Bigarren bizitza bat eman” erakusketa izango da, gailu elektriko eta elektronikoen berrerabilpena sustatzeko

Lekunberrik kontsumo arduratsuaren eta ekonomia zirkularraren aldeko ekimen berri bat eskainiko du ostiral honetan, ekainaren 19an. Herriko plazan, 18:30etik 19:30era, “Bigarren bizitza bat eman” erakusketa ibiltariaz gozatzeko aukera izango da. Jardueraren helburua etxean erabiltzen ditugun gailu elektriko eta elektronikoek funtzionatzeari uzten diotenean herritarrok zer egin behar dugun erakustea da.

Txigorgailuak, telefono mugikorrak, ordenagailu eramangarriak, ile-lehorgailuak eta antzeko beste hainbat gailu ez dira zaborretara bota behar. Erakusketaren bidez, parte-hartzaileek jakingo dute non konpondu daitezkeen edo non utzi behar diren modu egokian, ingurumenean izan dezaketen eragina murrizteko eta objektu horiei bigarren bizitza bat emateko.

Informazio-panelak eta baliabide praktikoak ez ezik, jarduerak aisialdirako eta ikasteko tartea ere eskainiko du. Izan ere, arratsaldean pailazoen emanaldia eta konponketa tailer praktiko bat izango dira, familiek eta herritarrek modu dibertigarri eta parte-hartzailean ikas dezaten.

Lekunberriko Udalak herritarrak ekimenean parte hartzera animatu ditu, eguneroko ohituretan aldaketa txikiek ingurumenaren aldeko eragin handia izan dezaketela gogoraraziz. Gailu zaharrei beste aukera bat ematea, konpontzea edo behar bezala birziklatzea guztion esku dago.

Ez galdu aukera eta zatoz gailu zaharrei bigarren bizitza nola eman ikastera.

Facebook
Twitter
LinkedIn
WhatsApp
Email