Casa47 enpresa publikoak kudeatuko ditu Iturriburuko 36 etxebizitzak

Hainbat urtez utzita egon ondoren, legegintzaldi honetan berritu eta konpondu egin dituzte Iturriburu kalean dauden izaera libreko 36 etxebizitzak. 2010eko porrot inmobiliarioaren ondoren, SAREB erakundeak eskuratu zituen etxe horiek  (Espainiako “banku txarrak”). SAREBek etxeak konpondu ondoren, CASA47 Espainiako Gobernuaren enpresa publikoaren esku gelditu dira orain aste batzuk, eta hark kudeatuko eta zehaztuko ditu irizpideak.

Lekunberriko Udalak hainbat ahalegin egin ditu etxe horiei konponbide bat emateko, eta SAREB erakundearekin eskuz esku aritu da berritze lan horiek koordinatzen. Horrekin batera, hainbat elkarrizketa eta lan saio egin dira CASA47 enpresa publikoko arduradunekin, Nafarroako Etxebizitza Departamenduarekin eta Nasuvinsako ordezkariekin, etxebizitza horien inguruko irizpideak eta funtzionamendua zehazteko helburuarekin, baina CASA47 enpresa publikoak bere irizpideak erabiltzea erabaki du, Estatu osorako berdinak izango direnak. Ondorioz, Nafarroako Etxebizitza Departamenduak eta NASUVINSA enpresa publikoak ez dute parte hartuko etxeen kudeaketan.

Konpondu diren 36 etxebizitzak alokairura bideratuko dituzte (“alokairu eskuragarrikoak” izango dira), eta CASA47 enpresa publikoak jarriko ditu etxeak esleitzeko irizpideak. Garrantzitsua da etxeak konpondu izana, egoera oso txarrean zeudelako, eta etxebizitza libreak irizpide publikoekin kudeatzeak txikitu egiten du egon daitezkeen interes espekulatiboen arriskua.

CASA47 enpresa publikoarekin harremanetan jarraitzen dugu, hemendik aurrera zer pauso eta noiz emango dituzten jakiteko. Aurrera begira informazio gehiago dugunean, Udaleko kanalak erabiliko ditugu ahalik eta informazio egokiena helarazteko herritarrei.

Facebook
Twitter
LinkedIn
WhatsApp
Email