Nerabezaroa eta mugikorraren erabilera: familientzako tailerra apirilaren 23an

Ibarberri egitasmoaren baitan, familiei zuzendutako hitzaldi-tailer bat antolatu da apirilaren 23an, ostegunean, 16:30ean, mugikorraren eta sare sozialen erabilerari buruz hausnartzeko eta familian harreman osasuntsuak sustatzeko. Saioa “Nerabezaroa eta mugikorrarekin harreman egoki baterako gakoak” izenburupean egingo da.

Tailerra guraso elkarteak, gizarte zerbitzuek eta eskolak elkarlanean antolatu dute, eta Telmo Lazkano izango da hizlaria. Lazkano gizarte zientzietako irakaslea da, “Nerabeen garrasia” liburuaren egilea Maitane Ormazabalekin batera, eta Altxa buruko kidea ere bada.

Saioaren helburua familiei informazioa eta tresnak eskaintzea da, haurrek eta nerabeek mugikorrarekin eta sare sozialekin duten harremana ulertu eta modu osasuntsuan kudeatzen laguntzeko. Horretarako, pantailen erabilera desegokiak sor ditzakeen ondorioak aztertuko dira, baita arrisku horiek nola murriztu ere, betiere datu eta ebidentzia akademikoetan oinarrituta.

Tailerrean zehar hainbat gai landuko dira:

  • Sare sozialen benetako negozioa eta horren atzean dauden interesak.
  • Plataformek erabiltzaileak pantailari adi mantentzeko erabiltzen dituzten estrategiak.
  • Nerabeen garunaren funtzionamendu emozionala eta teknologiarekiko harremana.
  • Mugikorren erabilera goiztiarrak edo desegokiak izan ditzakeen ondorio kognitibo, emozional eta mentalak.

Halaber, parte-hartzaileek etxera eramateko moduko proposamen eta tresna praktikoak jasoko dituzte, gero familian aplikatzeko eta seme-alaben heziketan lagungarri izan daitezen.

Antolatzaileen arabera, tailerraren helburua haur eta nerabeen ongizatea lehenestea da, familiek mugikorraren eta sare sozialen erabilerari buruzko ezagutza eta baliabide egokiak izan ditzaten.

Saioan parte hartu nahi dutenek izen-ematea egin beharko dute honako bide hauen bidez: 605 46 68 05 edo prebentzioa@ssbirurtzun.eus

Facebook
Twitter
LinkedIn
WhatsApp
Email