Joan den larunbatean, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) urte amaierako Batzar Nagusia egin zuen, eta 2024ko balantzea egiteaz gain, 2025erako egitasmoa ere onartuko zen. Tartean, Aranoko eta Lekunberriko udalek UEMAko kide izateko egin zituzten eskaerak ere onartu ziren. Ekitaldi horretan, udal gobernuko kideek parte hartu genuen eta eskerrik beroena eman genien mankomunitateko kideei ateak zabaltzeagatik.
Azaroan, Lekunberriko Ohiko Udal batzarrak erabaki zuen UEMAri eskaera egingo ziola gure Udala mankomunitatean sartzeko; EHBilduren aldeko botoekin eta Lekunberriko Taldearen kontrakoekin atera zen aurrera erabakia. Eta, esan bezala, larunbatean honetan UEMAk onartu egin du aho batez Lekunberriko Udalaren eskaera.
Behin mankomunitateko kide eginda, Lekunberriko herriak bi ordezkari izango ditu UEMAN, bat EHBildukoa eta bestea Lekunberriko Taldekoa. Harturiko erabakiak euskalgintzako eragileek eta ikastetxeak egindako eskaerei erantzun die, beste gauzen artean tresna berriak eskatu dizkiote udalari euskararen normalizazioan aurrera egiteko. Horretaz gain, orain 14 urte Lekunberriko Udalak onartu zuen euskararen ordenantzak bere osotasunean bete gabe jarraitzen du, eta UEMAk laguntza emango dio Udalari ordenantza betearazteko.
Nafarroako Gobernuko Euskarabidetik ere laguntza eman digute UEMAN sartzeko, gure herriak egoki betetzen duelako horretarako baldintza (euskaldunak %70 izatea) eta garrantzitsua delako euskararen arnasguneak indartzen jarraitzea. Horren ondorioz, UEMAko kide egiteagatik ordaintzen den kuotaren %85 diruz lagunduko du Euskarabideak. Hau da, Lekunberrik 7.421 euroko kuota ordaindu beharrean, 1.113 eurokoa ordainduko du.
Arano eta Lekunberri gehituta, 113 udal izatera iritsiko da UEMA, eta guztien artean 348.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute. Aurten UEMAko kide izatea erabaki duten sei udaletatik bost Nafarroakoak dira. Eta espero dugu aurrerantzean ere udal gehiago gehituko zaizkiola mankomunitateari.