*Instalatu beharreko 3,7 mw-eko potentzia duen Nafarroako lehen energia-komunitate industriala eratu da.
*Proiektu berritzaile hau Nafarroako Gobernuaren, Lekunberriko Udalaren, industrialdeko enpresen, Nafarroako Merkataritza Ganberaren eta Edinor-en arteko lankidetzari esker sortu da.
Lekunberri ON energia-komunitate industriala inauguratu da Lekunberriko industrialdean. Nafarroako Gobernuaren, Lekunberriko Udalaren, industrialdeko enpresen, Nafarroako Merkataritza Ganberaren eta Edinorren lan teknikoaren lankidetzari esker jarri da abian. 2022ko udaberriaz geroztik, eragile guztiak lankidetzan aritu gara Nafarroako lehen energia-komunitate industriala eratzeko, Toda Energia-ren hirietako energia-komunitateetan oinarrituta. Lekunberri elkarte horretako kidea da.
Energia-komunitate industrialean dagoeneko 17 enpresak parte hartzen dute Lekunberriko industrialdean eta inguruetan, eta litekeena da beste enpresa batzuek bat egitea etorkizun hurbilean. Tamaina guztietako enpresek hartzen dute parte proiektuan, hasi ETEetatik eta multinazionaletaraino, eta instalazio kolektiboak egingo dituzte beren instalazioen estalkietan, 3,7 mw-eko potentzia instalatua batu arte. Proiektua abian jartzeko irabazi asmorik gabeko elkarte bat eratu da eta instalazioak egiteko finantzaketa bilatzen ari dira. Ekipoen 25 urteko bizitza baliagarrian 24.000 tona CO2 aurreztea aurreikusten da.
Energia-komunitate industrial horren inaugurazioa, Nafarroan aitzindaria eta estatuko lehenengoetako bat, inflexio-puntua da industriak energia-trantsizioan duen zereginean. Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilariak Nafarroako Gobernuak energia-trantsizioarekin eta komunitateari laguntzearekin duen konpromisoa nabarmendu du, proiektu pilotu hau Nafarroako beste industria-ingurune batzuetan energia-trantsizioan aurrera egiten lagunduko duen esku-hartze arrakastatsu bat izan dadin.
Lekunberriko alkateak, Gorka Azpiroz Razkinek, azpimarratu du Udalak konpromisoa hartu duela udalerriko industriaren lehiakortasunarekin; izan ere, “industria indartsua eta lehiakorra enplegua sortzeko motorra da, eta hori da landa-eremurako hain mehatxagarria den despopulazioaren aurkako antidotoa. Udalean 2021ean Lekunberri ON, Lekunberriko industriarako lehiakortasun- eta enplegu-plana, garatzearen aldeko apustua egin genuen. Horixe izan da, hain zuzen ere, energia-komunitate industrial horren sorreraren oinarria. Lehiakortasun- eta berrikuntza-irizpideak”.
Nafarroako Merkataritza Ganberaren eginkizuna funtsezkoa izan da proiektu honen txinparta pizteko. Javier Taberna Jiménezek, bere lehendakariak, Merkataritza Ganbera hiriko eta industriako energia komunitateei laguntzeko prest dagoela nabarmendu du, abian jarri eta garatzeko. “Energia-komunitateak funtsezko tresna dira energia-trantsiziorako, eta Nafarroako Ganberan sentsibilitate hori partekatzen duten eragile guztiei laguntzen ari gara gure esperientziarekin”.
Edinor-eko CEO Juan Diego Casals-ek energia-komunitate industrialaren irismena azpimarratu du. “Nahiz eta dagoeneko zenbait energia-komunitate industrial martxan jarri diren, Lekunberri ON komunitatekoak baino askoz txikiagoak dira. Zalantzarik gabe, komunitateak enpresa-kopuruari, instalatutako potentziari eta sortutako energia-aurrezkiari dagokienez duen irismena erreferente nagusietako bat izango da energia-komunitate industrialetan”.
Energia-komunitatea finantziazio-bideak aztertzen ari da, eta datozen hilabeteetan gauzatuko dira.