Lekunberriko Udalak herritarrei zuzendutako saio ireki bat antolatu du datorren azaroaren 24an, astelehena, euskararen egoerari buruzko diagnosia partekatzeko eta etorkizunerako erronkak elkarrekin zehazteko. Topaketa 18:00etatik 19:30era izango da Udaletxeko batzar gelan.
Saioan herriko datuak azalduko dira, Euskal Herriko joerak aztertuko dira eta, bereziki, lekunberritarrek AROA inkestaren bidez egindako ekarpenak aztertuko dira. Helburua tokiko argazki erreal bat izatea da eta, hortik abiatuta, datozen urteetarako ekintza eremuak zehaztea: non gaude, nora jo nahi dugu eta zer pauso eman ditzakegun euskararen presentzia eta erabilera indartzeko.
Udaletik nabarmendu dute oso garrantzitsua dela herritarren parte hartzea: “Euskara komunitate baten hizkuntza da, eta komunitate horrek du erabakiak hartzeko eta etorkizuna eraikitzeko indarra”. Horregatik, saioa irekia da eta edonork parte har dezake, aurretik izena eman behar gabe.
