Lekunberriko Udal batzarrak hirugarren urtez jarraian aho batez onartu du Udal Gobernuak aurkezturiko aurrekontu proiektua, eta 3.737.874,40 €-ko aurrekontua izanen du. Aurrekontu horiek herrian dauden beharrei erantzuten diete, eta tresna eraginkorra izango dira legealdi hasieratik finkatu den ibilbidean aurrera egiten jarraitzeko. Udalerriarentzat estrategikoak diren inbertsioak eta neurriak bultzatzeko balioko dute, eta justizia sozialean, berdintasunean eta jasangarritasunean aurrera egiteko aukera emango dute.
Arkaitz Goikoetxea Lekunberriko alkateak nabarmendu duenez, udalean lan egiteko beste modu bat finkatuko genuela agindu genuen, eta horrela egin dugu aurrekontu proiektuan ere: herritarren ekarpenak jaso ditugu eta, hirugarren urtez jarraian, oposizioaren ekarpenak ere kontuan hartu dira aurrekontuak osatzeko.
Inbertsioak eta azpiegituren hobekuntza
Inbertsioen atalak 1.295.727 €-ko partida izanen du, eta esku-hartze hauek egitea aurreikusten da: Kiroldegiko teilatua berrituko dugu eta horretarako 195.000 €-ko ditu atala jaso dugu; bizikleta-bide berria egingo dugu Bidegorritik Toki Alai sagardotegirainoko bideak txukunduz, eta handik Beigorriraino (343.00€); Urzubi eta Epeleta inguruko ur zikinen sarea berrituko dugu, eta herriko sare orokorrera konektatu (50.000 €); poligonoko zorua berritzeko inbertsioa ere aurreikusten da, 195.000 €-koa. Antzinako Lanbideen ibilbidea garatzeko 50.000€ partida jaso dugu. Honekin batera ur zerbitzua digitalizatzeko 95.478€ partida jarri dugu, eta proiektua hau epe motzean bukatzea aurreikusten dugu.
Horrekin batera, beste langile bat kontratatuko dugu herriko mantentze lanak indartzeko, eta obra txikien partida handitu egin dugu, besteak beste zebra-bideak eta espaloiak altuera berean jartzeko, herriko hainbat lekutan ez baitaude behar bezala parekatuta.
Klima Larrialdiari erantzunez
Klima larrialdiari erantzuteko, herriko zonalde berdeen azterketa egitea planteatzen dugu, eta ditu atal bat jarri dugu hobekuntzak egiteko eta zenbait neurri hartzeko: zuhaitz landaketak, komunalak kudeatzeko plana… (45.000 €).
Futbol zelaiko argiteria Led sistemara pasatu nahi dugu, energia kontsumoak murrizteko eta efizientzia hobetzeko (80.000 €). Neurri horiekin batera, mugikortasun jasangarria eta segurua sustatzeko atalari eutsi egin diogu, herriko mugikortasun plana lantzen jarraitzeko. Eta atal honi dagokionez, “asto bizkarrak” jarriko dira herriko hainbat puntutan ibilgailuen abiadura murrizteko; horretarako 25.000€-ko partida erabiliko dugu obra txikien ataletik; horrekin batera “Lekunberrin, dena hor bertan” kanpainarekin jarraituko da herrian zehar oinez eta bizikletaz ibiltzeko neurriak hartuz; 10.000€ partida izanen dugu horretarako.
Tokiko garapena eta etxebizitza
Etxebizitzari dagokionez, hirigintza politika intentsibo, deskontrolatu eta neurriz kanpoko baten ondorioz eta merkatu kapitalistaren espekulazio basatiaren eraginez, neurrigabe igo dira prezioak, eta horrek etxebizitza duin bat eskuratzeko ezintasuna azaleratu du. Egoera larri horri erantzun bat emateko, iaz 11.000€-ko diru atal berri bat sortu genuen aurrekontuetan, eta aurten eutsi egin diogu eta, beharko balitz, handitzeko intentzioa dugu; etxebizitzari dagokionez, lehenbiziko pausoa lan egitea izango da Iturriburuko pisuak herritarren eskura jartzeko. Eta horretarako harremanetan gaude Nasuvinsarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta CASA47 erakunde publikoarekin.
Tokiko Garapenari dagokionez, 47.000€ partida eman diogu arlo horri, beste gauzen artean tokiko merkataritza eta ostalaritza indartzeko, hainbat azoka eta lehen sektorea bultzatzeko edo tokiko ekonomian eragiteko. Ildo horretan, ezinbestekoa ikusten dugu Mendialdeko Aktibazio Ekonomikoaren planarekin jarraitzea.
Berdintasuna, kultura eta aisialdia
2026an Mendialdea Mankomunitatetik Berdintasun zerbitzu berria jasoko dugu, eta 15.000€-ko partida lotua dugu horretarako; horri esker, 14 urte bazterrean gelditu den zerbitzua martxan jarriko dugu berriz.
Kulturako atala bigarren urtez igo egin dugu; zehazki, 2025ekoa baino %20 handiagoa izango da aurtengoa: 60000€ izango ditu. Arlo horretan garrantzitsua ikusten dugu kultur programazioa indartzen joatea eta urte osoko dinamika kulturala sendotzea.
Gaztetxoei begira, bestalde, zerbitzu berria izango dugu 2026. urtean: Gazte Txokoa martxan jarriko dugu 12 eta 16 urte arteko neska-mutikoentzat, begirale tituludunek gidatuta. Iaz Jaibus zerbitzua indartu genuen inguruko herriko festetarako, eta aurten bide berean jarraituko dugu. Horretarako, gaztetxoei eta gazteei bideratzen zaizkien diru atalak ordenatu eta handitu egin ditugu.
Balantze orokor moduan, diru sarrera propioak hobetu egin ditugu eta hainbat gasturen kontrola hobetu dugu; horri esker, bideragarritasun ekonomikoa bermatua dago aipatu ditugun proiektuetan aurrera egiteko eta herri gisa ditugun erronka nagusiei heltzeko. Gainera, aho batez onartu izateak sendotu egiten du aurrekontu hauen norabidea.