Udal eraikinak %100 energia berriztagarriz hornitzeko helburua dugu
Lekunberriko Udalak beste pauso bat eman du energia berriztagarriak eta eraginkortasun energetikoa bultzatzeko helburuz, eta Goiener energia kooperatibako bazkide egin da; horixe onartu zuen udalak azaroko ohiko batzarrean.
Behin bazkide eginda, kooperatiba horrek %100 iturri berriztagarrietatik datorren energia elektrikoarekin hornituko ditu udal instalazioak. Horrekin batean, udalak kontrataturik dituen potentziak berrikusi egingo ditu, eta eskolan eta kiroldegian jarri ditugun instalazio fotovoltaikoak optimizatzen lagunduko du. Egin ditugun kalkuluen arabera, iazko kontratu eta zerbitzuekin alderatuta, 10.000 euro inguru aurreztu daitezke.
Udalak eredu jasangarriago bat lortu nahi du gure udalerrirako, eta gauza jakina da energia berriztagarriek ingurumenean askoz inpaktu txikiagoa dutela erregai fosilek edo energia nuklearrak baino, eta murriztu egiten dute lurralde baten mendekotasun energetikoa, energia berriztagarria tokian-tokian sortu daitekeelako, besteak beste instalazio fotovoltaikoen bidez. Bide horretan, pausu garrantzitsua izan da Goiener Energia Kooperatibarekin lanean hastea.