Lekunberriko Krosa ohiko datan izango da aurten ere: martxoaren 16an, eta parte-hartzaileek bi distantzia izango dituzte aukeran: 4,4 km edo 8,8 km. Lasterketa nagusia 12:00etan hasiko da, baina aurretik, 10:45ean, haurren krosa ospatuko da, kategoria guztietako gaztetxoek parte hartu ahal izateko.
Edizio honetan ere, aurreko bi urteetako arrakastaren olatuari jarraiki, Kaskamotz elkartearekin elkarlanean arituko gara. Probaren bidez bildutako irabaziak Cris Contra el Cáncer Fundazioari bideratuko dira, haurren minbiziaren aurka Madrilgo Hospital Universitario de la Paz-en diharduen ikerketa-taldeari laguntzeko.
Horregatik, parte hartzera gonbidatzen zaitugu! Korrika egin ezin baduzu, dortsala solidarioarekin ere lagundu dezakezu.
Erronka hirukoitza: Osatu bailarako hiru krosak!
Lekunberriko Krosa bailarako hiru krosetako bat da, Araitz-Beteluko Krosarekin eta Leitzako Herri Krosarekin batera. Araitz, Areso, Larraun, Leitza edo Lekunberrikoa bazara, eta jada Araitz-Beteluko Krosean parte hartu baduzu, orain Lekunberrikoaren unea da!
Erronka betetzeko, hiru krosak osatu behar dituzu. Hala egiten dutenek Leitzako Herri Krosean egingo den zozketan parte hartzeko aukera izango dute.
