Lekunberrik etxebizitza kooperatiboan interesa duten pertsonen profila ezagutzeko prozesua ireki du

Lekunberriko Udalak eta NASUVINSAk urratsak ematen jarraitzen dute erabilera-lagapeneko etxebizitza kooperatiboaren ereduaren inguruan. Elkarlaneko etxebizitzaren formula hori aurkezteko duela aste batzuk egin zen informazio-bilera irekiaren ondoren, interesdunek izena emateko eta profila osatzeko prozesuari hasiera eman zaio orain.

Erabilera-lagapeneko elkarlaneko etxebizitza jabetzaren eta alokairu tradizionalaren artean dagoen eredua da. Etxebizitza babestuaren esparruan, etxebizitza egonkorra, eskuragarria eta ez espekulatiboa eskaintzeko pentsatuta dago. Sistema horretan, bazkideak kooperatiba bateko kide dira, eta etxebizitza erabilera-eskubide baten bidez eskuratzen dute, ez etxebizitza baten banakako erosketaren bidez.

Jabetzan etxebizitzarik ez duten, Nafarroako udalerriren batean erroldatuta dauden, urtean 19.000 euroko gutxieneko diru-sarrerak dituzten eta etxebizitza babestuetarako ezarritako gehieneko diru-sarreren muga gainditzen ez duten pertsonei zuzenduta dago eredua.

Interesdunek honako inprimaki honen bidez eman dezakete izena uztailean eta abuztuan: https://forms.office.com/e/1JNUQ85GhE

Irailetik aurrera, izena emandako pertsonekin hasiko da lanean. Lehenengo fase honetan, interesdunen profila egingo da, eta informazio pertsonala, familiakoa eta ekonomikoa bilduko da, hala nola etxebizitzaren egoera, familia-unitatearen diru-sarrerak, kapital-ekarpenerako gaitasuna eta erroldatze-lekua. Ondoren, profila behar bezala osatu dutenei dei egingo zaie, elkarrekin lan egiten hasteko.

NASUVINSAk prozesuan lagunduko du proiektuari buruzko aholkularitza orokorra eskainiz, alderdi juridikoetan, ekonomikoetan eta finantzarioetan laguntza emanez, bai eta banku-finantzaketaren negoziazioan ere, Navarra Vivienda Social — Navisokoop — hitzarmenaren barruan.

Facebook
Twitter
LinkedIn
WhatsApp
Email