Lekunberri-Larraungo Udalek pediatra zerbitzua bermatzeko eskatu diote Osasun departamenduari

Nafarroako Osasun Sailak iazko abenduaren 10ean pediatria zerbitzua Larraungo osasun etxetik kendu zuenetik, Larraun eta Lekunberriko udalek zerbitzua ixteko asmoaren kontrako jarrera adierazi dute hasieratik; izan ere, bi udaletako ordezkariek pediatria zerbitzua udalerrietan mantentzeko eskaera berretsi dute bai ahoz eta baita idatziz ere, eta egiaztatu dute eraikinean behar adinako tokia badagoela horretarako.

“Departamenduak jakinarazi zigun zerbitzu osoa berregituratu egingo zuela hobeto antolatzeko eta kalitate hobea eskaintzeko, baina zerbitzuak murriztuz ez da lortzen kalitatea hobetzea. Erreklamazioak jarri dituzten gurasoei ere gauza bera erantzun diete, zerbitzua hobetzeko egin dutela, baina gurasoak oso kexu dira. Horrexegatik eskatzen diogu Pediatria Zerbitzua berrezarri dezala eta zerbitzua eskaintzen den egun guztietan pediatra eta erizaina egon daitezela, Osasun Etxean bi gela libre daude-eta horretarako”, adierazi dute Mikel Uharte Larraungo alkateak eta Arkaitz Goikoetxea Lekunberriko alkateak.

Kudeaketa horiekin batera, Lekunberriko eta Larraungo alkateek bilera eskatu diote Osasun kontseilariari, egoera zuzendu dezan eskatzeko eta herritarrei kalitatezko eta hurbiltasuneko zerbitzua baten eskaintza bermatzeko, orain arteko zerbitzuan murrizketarik egin gabe. “Eskaerak erantzun baikorra izatea espero dugu; bitartean, guk lanean jarraituko dugu gure eskualdeko haurrek arreta integrala, hurbilagoa eta kalitate handiagokoa jasoko dutela ziurtatu arte”, azpimarratu dute alkate biek.

Facebook
Twitter
LinkedIn
WhatsApp
Email