Herri bozketan irabazle suertatu ostean, festei hasiera emango diote heldu den urriaren 9an
Lekunberriko Udalak aurkeztu berri du 2024ko Festa Nagusien egitarau ofiziala, urriaren 9tik 13ra ospatuko dena. Aurtengo egitaraua berrikuntzaz beteta dator, bertako elkarte eta bizilagunek auzolanean osatutako Festa Batzorde berrituaren eskutik. Festen hasiera ekitaldian Larraungo Pilota Eskola nabarmenduko da, urriaren 9ko 19:00etan, izan ere, herri bozketan garaile suertatu ziren. Elkarteak, gainera, ospakizun bikoitza izango du, Herri arteko Txapelketan ere irabazle izan direlako.
Kartel irabazlea Garazi Moreno Blasek diseinatu du, eta txikien kartela Ainhoa Arregui Carabaliren lana izango da. Saribanaketa Txupinazoa baino ordubete lehenago ospatuko da Udaletxean. Aurtengo berrikuntzen artean, Zea Mays, Eztitan, DJ Bambola eta Joselu Anaiak musika-taldeen kontzertuak dira nabarmentzekoak. Horrez gain, zuzeneko kale-musikaren presentzia handituko da Aralar Musika Eskolaren eta Iraunkorrak Txarangaren partaidetzarekin.
Gazteentzat ere ekintza berriak egongo dira, hala nola Herri Kirolen desafioa eta laser-ball pista. Era berean, ohiko ekintzak ere ez dira faltako: herri bazkaria, Pilar Eguneko bandera-dantza, tortilla eta kalderete lehiaketak, eta euskal dantza taldearen emanaldia.
Lekunberriko Udalak bizilagun zein bisitari guztiak gonbidatzen ditu festetan parte hartzera, betiere errespetua eta jarrera egokia mantenduz. Festen egitarau osoa Udalaren eta Kultura Sailaren webgunean eta sare sozialetan eskuragarri egongo da, baita etxez etxe banatutako esku-orri moduan eta Udaletxean eta Mitxausenean ere.