UEMAk Korrikari buruzko informazioa herritar guztiengana iristeko helburuarekin, oinarrizko informazioa biltzen duen eskuorri eleanitza prestatu du. Material hau udalerrietako sare sozialen bidez zabaltzeko sortu da, eta herritarrei Korrikaren inguruko azalpen argi eta ulerterraza eskaintzea du helburu.
Eskuorria euskaraz gain, beste hamar hizkuntzatan dago eskuragarri, formatu elebidunean. Honako hizkuntzak ere jaso dira: gaztelania, arabiera, errumaniera, errusiera, frantsesa, ingelesa, katalana, portugesa, ukrainera eta wolofa.
Material eta hizkuntza guztiak esteka honetan kontsulta eta deskargatu daitezke. Hizkuntzen hautaketa egiteko, “Ongi etorri” saioan jasotako errolda datuak hartu dira oinarritzat, bertan agertzen diren herritarren jatorria kontuan hartuta. Horrela, ekimenak tokian tokiko errealitateari erantzun nahi dio, Korrikaren mezua ahalik eta jende gehienarengana iristeko.
Ekimen honen bidez, UEMAk euskararen aldeko ekimen herritarra den Korrika zabaltzen lagundu nahi du, inklusioa eta aniztasuna sustatuz.

