Lekunberriko jaietarako 7 aste inguru gelditzen dira, eta Jai Batzordea lanean dabil buru belarri ahalik eta programazio oparoena lortzeko. Orain hilabete batzuk Jai Batzordearen funtzionamenduaren inguruko hausnarketa egin ondoren, batzorde iraunkor bat sortzea adostu zen, eta partaideek, proposamenak egitearekin batera, ardurak hartuko dituzte festak antolatzeko. Ondoren, batzordean parte hartzeko deialdi irekia egin zen, herritarrek izena eman zezaten. Ordutik, hainbat pertsona apuntatu dira bertan lan egiteko, eta hainbat herri eragilek ere bere konpromisoa azaldu dute batzordearen parte izateko.
Ekainean bilera ireki bat ere egin zen, eta hainbat herritarren ideiak jaso ziren festatako programazioa aberasteko. Hurrengo asteetan, osatu den programa egitaraua gauzatzeko ardurak banatuko dira, eta lan asko egongo da aurretik. Horregatik,laguntzeko eta ardurak hartzeko prest dauden pertsonak animatu nahi ditu Jai Batzordeak, herritik eta herriarentzat antolatutako festak ahalik eta txukunenak izan daitezen. Askotariko eragile eta norbanakoen inplikazio eta ekarpenetik sortzen dira festak, eta, horregatik, Jai Batzordean parte hartu nahi baduzu, apuntatu telefono honetara mezua bidaliz 621 15 04 55 edo helbide elektroniko honetara idatziz: kultura@lekunberri.eus