Lekunberriko Udalak jakinarazi duenez, ibilgailu elektrikoak kargatzeko gunea martxan dago jada. Kargagunea Lekunberriko Udal Kiroldegiko aparkalekuan dago kokatuta, kiroldegiaren atzealdean.
Azpiegitura berri hau Lekunberriko Udalak jarri du martxan, Ixkier Komunitate Energetikoaren lankidetzarekin, udalerrian mugikortasun jasangarriagoa sustatzeko. Helburu nagusiak ibilgailu elektrikoen erabilera erraztea, erregai fosilekiko mendekotasuna murriztea, emisioak gutxitzea eta energia-eredu jasangarriago baterantz aurrera egitea dira.
Gaur egun indarrean dauden kargatze-tarifak honako hauek dira: tarifa orokorra, 0,40 €/kWh; Lekunberrin erroldatutako pertsonentzat, 0,35 €/kWh; eta Ixkier Komunitate Energetikoko bazkideentzat zein Udalaren ibilgailuentzat, 0,32 €/kWh.
Tarifa bereziak aplikatzeko, erabiltzaileak kargagunearen ordainketa-plataforman izena eman ondoren, bere erabiltzaile-izena eta telefonoa dagokion erakundeari jakinarazi beharko dizkio. Lekunberrin erroldatutako pertsonek eskaera bulegoak@lekunberri.eus helbidera bidali beharko dute; Ixkier Komunitate Energetikoko bazkideek, berriz, ebkomunitatea@gmail.com helbidera. Baldintzak egiaztatu ondoren, dagokion tarifa aktibatuko da eta erabiltzaileari deskontua aplikatu zaiola jakinaraziko zaio.
Udalak erabiltzaileei kargagunea arduraz erabiltzeko eskatu die, plaza kargatzeko behar den denboran soilik okupatuz eta instalazioaren erabilera-arauak errespetatuz.