Martxoko ohiko udal batzarrean aho batez onartu zen Beigorri Abentura Parkea eta Txirrindularientzako Zerbitzugunea ED+ Zerbitzuei esleitzea. Udalak bi zerbitzuak elkartu ditu, eta kontratua bost urtera arte luza daiteke; enpresak 1.000 €-ko kanona ordaindu beharko dio Udalari. Zerbitzua Aste Santuan jarriko da martxan eta udazkena arte egongo da abian.
Zerbitzu berria: Txirrindularientzako Zerbitzugunea
Orain hilabete batzuk Txirrindularientzako Zerbitzugunea martxan jartzeko obrak bukatu ziren Beigorri Parkean. Adjudikazio berri horrekin hainbat zerbitzu eskainiko dira aurrerantzean, besteak beste bizikletak alokatzeko zerbitzua, non konponketak egiteko tailerra ere izango den. Horretaz gain, komun eta dutxa zerbitzuak ere jarri dira, bisitarien bizikletak gordetzeko eta kargatzeko gune itxi bat ere bai, eta aire zabalean, bizikletak garbitzeko eta konponketa arinak egiteko espazioak. Lekunberriko herritarrentzat eta ingurukoentzat ere oso erabilgarriak izango dira zerbitzu horiek, komunak beti irekita egongo direlako eta bizikletak garbitzeko guneak ere bai. Osotara, 250.000 euro inguruko inbertsioa egin du Udalak, eta 210.000 euroko dirulaguntza jaso zuen Nafarroak Turismo Zuzendaritzatik.
Beigorri Abentura Parkea
Orain arte bezala, Beigorri Abentura Parkeak bere eskaintza erakargarriarekin jarraituko du. Gaur egun, 4 ibilbide ditu hainbat altueratan, haritz handi eta ederren arteko ingurune eder batean, zuhaitzen adarretan ibiltzeko, plataformen arteko pasabideekin. Oreka, trebetasun, koordinazio eta tirolina jokoak ditu, eta, horri esker, jarduera entretenigarri batez gozatzeko aukera ematen du.
Naturari loturiko turismoa indartuz
Bi zerbitzuak elkarrekin landuz, bultzada bat eman nahi zaio naturari loturiko turismoari, ekonomia berdeari eta bereziki bizikletari loturiko turismo jasangarriari, Lekunberri erreferentziazko helmuga izan dadin bizikleta zaleentzat. Ildo horretan, Bidegorria eta Plazaolako Naturbidea lotzen dituen bidea egokitu du Udalak, eta beste konexio bat egitean hasia da Bidegorriaren eta Beigorri parkearen artean. Artzanegiko bidexka guztiz konponduko da Karabanen aparkalekuraino, eta zubi bat eraikiko da gune horretatik Sagardotegi aurrera gurutzatzeko eta handik Beigorrira. Horrek indartu egiten du herria zeharkatzen duen Bidegorriaren, Beigorri Parkearen eta Plazaolako Bide berdearen arteko lotura.
Aralar mendilerroaren magalean, naturaz gozatzeko aukera paregabea dute bisitariek Lekunberrin eta inguruan, Plazaolako Bide Berdeari jarraituz oinez zein bizikletaz, edo Mendukiloko leizeetan barneratuz, gure lurraldearen altxor berezienetako batean.