Larraungo Euskara Batzordeak eta Araitz-Beteluko “Euskaraz bizi” taldeak Sormen Lehiaketa 2026 antolatu dute Larraun eta Araitz bailaratan. Lehiaketaren helburua euskarazko sormena sustatzea da, adin eta maila ezberdinetako parte-hartzaileei bertsoa eta mikroipuina lantzeko aukera eskainiz.
Lehiaketan parte hartu ahal izango dute Larraun eta Araitz bailaratan bizi diren ikasleek, LHko 5. mailatik DBHko 4. mailara; baita Ibarberri eta Araxes ikastetxeetan ikasten dutenek ere, bizitokia edozein dela, LHko 5. mailatik DBHko 2. mailara. Halaber, Amazabal institutuan ikasten duten DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleek parte hartu ahal izango dute, bizitokia edozein izanda ere. Horrez gain, Larraunen edo Araitzen bizi den 18 urtetik gorako edozein pertsonak ere aurkez dezake lana.
Kategoriak lau izango dira: LHko 5. eta 6. mailetako ikasleak, DBHko 1. eta 2. mailetakoak, DBHko 3. eta 4. mailetakoak eta 18 urtetik gorakoak.
Modalitateei dagokienez, LHko 5. eta 6. mailetako ikasleek bertsoa landu beharko dute. Lau oin emanda, launa lerroko bi kopla sortu beharko dituzte, gai librean. Gainerako kategorietan, berriz, mikroipuina izango da modalitatea. Kasu honetan ere gaia librea izango da, eta mikroipuin izendapenaren barruan sartzen den edozein lan onartuko da.
Lanak aurkezteko epea 2026ko azaroaren 16an amaituko da. Lanak larbelear euskaraz@iparmank.eus helbidera bidali beharko dira. Oinarriak eta informazio gehiago kartelean ageri den QR kodearen bidez kontsulta daitezke.
