Aralar Udal Musika Eskolak Kasumitarrak antzerki musikatuaren edizio berri bat antolatu du, haurrei eskolan ikas daitezkeen instrumentuak gerturatzeko eta, horrela, datorren ikasturterako instrumentuaren aukeraketan laguntzeko. Ekitaldia bereziki 2019an jaiotako haurrei dago zuzenduta, orain arte musika eskolan matrikulatu ez diren baina hurrengo ikasturtean izena emateko aukera duten haurrei.
Azken urteotan, gero eta familia gehiagok eskatzen dute orientazioa instrumentua aukeratzeko garaian; izan ere, etapa honetan hizkuntza musikala lantzeaz gain, tresna bat aukeratu behar izaten da. Horri erantzuteko asmoz, musika eskolak urtero bere ikasleekin egiten duen jardueretako bat irekitzea erabaki du: Kasumitarrak antzerkia. Bertan, irakasleek eskolako instrumentuak aurkezten dituzte haurrei, istorio baten eta antzezpen egokitu baten bidez.
Ekitaldia martxoaren 28ko 11:30ean, larunbata, izango da, Gabari Gune Irekian. Saioa 2019an jaiotako haurrentzat bakarrik izango da, eta haurrak gurasorik gabe sartuko dira aretora. Emanaldiak 50 minutu inguruko iraupena izango du.
Aralar Udal Musika Eskolak jakinarazi duenez, eskolako ikasle direnek ez dute aparteko izen-ematerik egin behar, dagoeneko gonbidatuta baitaude. Gainerako haurrek, berriz, martxoaren 24a baino lehen izena eman beharko dute, jarduera behar bezala antolatu ahal izateko.
Interesa dutenek info@aralar.org helbide elektronikora idatz dezakete edo 672 122 472 telefonora deitu. Jasotako eskaerak bildu ondoren, musika eskolak familiei emango die hurrengo urratsen berri.
