Aurtengo Larraungo Eguna ekainaren 13an, larunbata, ospatuko da Gorritin, eta egun osoko egitarau zabala prestatu dute herritar eta bisitarientzat. Musikak, dantzak, kirolak, gastronomiak eta herri giroak bat egingo dute Larraungo bailarako ospakizun handian.
Goiza txistularien argi-soinuarekin hasiko da, eta 09:00etan mendi ibilaldia egongo da Ttutturrerekin, Gorriti-Guratz-Ultzi-Gorriti ibilbidean. Ondoren, pilota partidak izango dira Larraungo Pilota Elkartearen eskutik, eta ondoren Aralar Udal Musika Eskolaren eta Tirikitrauki Dantza Taldearen emanaldiak izango dira.
Eguerdian, 13:30ean Larraungo Ingurutxoa dantzatzeko unea helduko da. Dantzan parte hartu nahi dutenentzat, ekainaren 1ean eta 8an ikastaro irekiak antolatu dituzte Gabari Gune Irekian, 18:00etan. Helburua da herritar gehiago animatzea Larraungo dantza tradizionalean parte hartzera.
14:00etan egingo da herri bazkaria. Txartelak AEK euskaltegian erosi ahal izango dira ekainaren 8ra arte. Prezioak honakoak dira: 28 euro helduentzat, 22 euro gazteentzat (14-22 urte) eta 13 euro haurrentzat. Menuan entsalada mistoa, piper beteak, karrillerak, tarta izozkiarekin eta edariak izango dira. Haurrentzako menu berezia ere prestatu dute.
Bazkalostean, Uxue Alberdi eta Julio Sotok bertso saioa eskainiko dute, eta arratsaldean haurrentzako jolasak, bingo musikatu bat eta Trikiteens taldearekin dantzaldia izango dira.
Antolatzaileek gogorarazi dute euria eginez gero emanaldiak eta Ingurutxoa frontoian egingo direla.


