Lekunberrik eta Larraunek Euskararen Eguna ospatuko dute tailer eta ekitaldi sortzaileekin

Euskara Batzordeak egitarau berezia prestatu du aurten ere Euskararen Eguna ospatzeko, herriko haur, gazte eta familiei zuzendutako bi jarduera nagusirekin. Abenduaren 2an eta 3an Gabari Gune Irekia euskarazko sormenaren eta kulturaren topagune bilakatuko da.

Abenduak 2 – Sormen tailerra (17:30–19:30): LH 2tik 6. mailarako ikasleek Euskararekin jolasean izeneko tailer sortzailean parte hartzeko aukera izango dute. Saio dinamiko honetan, jolasaren eta sormenaren bidez, euskararekin lotutako esperientzia dibertigarriak biziko dituzte. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aldez aurretik Euskara Zerbitzuaren bidez (larbelearuskarez@iparmank.eus). Jarduera Gabari Gune Irekian egingo da.

Abenduak 3 – Mikroipuin Lehiaketako sari banaketa (12:30): Euskararen Egunarekin bat eginez, ospakizunak mikroipuin lehiaketako sari banaketarekin jarraituko du. Ekitaldian Aralar Musika Eskolako musikariek eta abesbatzak parte hartuko dute, baita Ibarberri ikastetxeko ikasleek ere mikroipuinak irakurriz. Saioa Gabari Gune Irekian izango da eta, gainera, Korrikako materiala erosteko aukera egonen da.

Ekitaldi guztiak Euskara Batzordeak antolatu ditu eta helburua argia da: euskararen bizitasuna ospatzea, belaunaldien arteko harremanak sustatzea eta hizkuntzaren erabilera egunerokoan indartzea.

Euskaraz bizi, herria bizirik leloari jarraituz, antolakuntzak herritar guztiak gonbidatu ditu ospakizun parte-hartzaile eta hurbil hauetan parte hartzera.

Facebook
Twitter
LinkedIn
WhatsApp
Email