Lekunberriko Garapen Elkarteko langileen lan-baldintzak hobetu dira

Lekunberriko Garapen Elkartea enpresa publikoak akordio bat sinatu du bere langileen lan-baldintzak hobetzeko 2025erako. Enpresak 30 langile inguru ditu eta kirol-instalazioen zein eguneko zentroaren kudeaketaz arduratzen da. Zerbitzu horiek Lekunberriko eta Larraungo udalek finantzatzen dituzte, eta biek berretsi dute hitzarmena.

Akordioaren baitan, langileen lan-baldintzak hobetzeko hiru neurri adostu dira:

  1. Lanaldiaren murrizketa: 2025ean, langileen lanaldia 1.690 ordukoa izango da urtean. Horrek esan nahi du eguneko zentroko langileek 82 ordu gutxiago lan egingo dutela, eta kiroldegiko langileek 14 ordu gutxiago.
  2. Bajak kudeatzeko irizpide bateratuak: Orain arte, eguneko zentroko langileek Estatuko hitzarmenari jarraitzen zioten, eta kiroldegikoek, berriz, Nafarroako hitzarmenari. Hemendik aurrera, langile guztiek Nafarroako hitzarmenaren irizpide berberak izango dituzte, eta horrek eguneko zentroko langileen baldintzak nabarmen hobetuko ditu.
  3. Hitzarmen propio bat: Enpresa publikoak konpromisoa hartu du 2025ean langileen ordezkariekin hitzarmen propio bat adosteko, zerbitzu guztien baldintzak modu egituratuan lantzeko.

Neurri hauek aurrerapauso esanguratsua dira langileen lan-baldintzen hobekuntzan, bereziki eguneko zentroko langileentzat. Kontuan izan behar da zaintza-sektorean gehiengoa emakumezkoa dela eta lan-baldintzak, oro har, ez direla onargarriak. Hori dela eta, bi udalentzat lehentasunezkoa da zaintza-lanak duintzea eta baldintzak hobetzen jarraitzea, zaintza eskubide unibertsal gisa bermatzeko.

Zerbitzu publikoek pertsonen beharretan oinarritu behar dutela ulertuta, administrazioaren esparru guztietan baliabideak jartzen jarraituko da, kalitatezko zerbitzuak eta herritarren ongizatea lehenetsiz.

Facebook
Twitter
LinkedIn
WhatsApp
Email