Otsailaren 21 eta 22an, Lekunberrik bere Herri Ihotea berpiztuko du, garai bateko ohiturak gaur egungo ikuspegiarekin uztartuz. Aurten, festa are bereziagoa izango da, ostiral arratsaldean egingo den ekitaldi bereziari esker, non Attezarko pertsonaia eta bere moxorro lagunak protagonista izango diren.
Herri Ihotea eta Attezarkoren bilaketa
Ostiral arratsaldean, 18:30ean, Udaletxearen aurrean bilduko dira herritarrak Attezarko eta bere lagun moxorroak aurkitzeko errituala hasteko. Koloreak eta alaitasuna lapurtu nahi dizkieten pertsonaiei aurre egiteko, herritarrak mozorrotzera animatzen dira, etxean aurki daitezkeen materialekin egindako jantziekin: baserritar jantziak, koloretako atorrak, zintekin apaindutako zakuak eta txanoak.
Behin Attezarko aurkituta, merezitako epaia jasoko du. Ondoren, dantza herrikoiak eta barrikotea izango dira, eta antolatzaileek nabarmendu dute otamena mozorrotuta daudenentzat izango dela. Festa Batzordeak datorren urterako Herri Ihotea are aberatsagoa egitea du helburu, aurtengo esperientzia oinarri hartuta.
Larunbatean, Ihoteen egun handia
Larunbateko egitaraua goizeko gosariekin hasiko da, eta 12:30ean Ihote-erronda egingo da, Iraunkorrak Txarangaren laguntzarekin. Aurten, suziri batekin emango zaio hasiera festari, iazko mozorro lehiaketako irabazleek jaurtiko dutena. Ondoren, emanaldiak izango dira Herriko Plazan, eta txarangak kalez kale jarraituko du giroa alaitzen.
Eguerdian, Jaian Jai Frontoian, Bazkari Herrikoia egingo da, eta arratsaldean, 18:00etan, Irurtzungo Iskidi Elkartea kalejiran ibiliko da Lekunberriko kaleetan barrena, Herriko Plazaraino. Bertan, tradizioari jarraituz, Attezarkoren irudia erreko da.
Azkenik, Xaukena elektrotxarangaren emanaldiarekin amaituko dira 2025eko Lekunberriko Ihoteak, festa-giroa borobiltzeko.
Euskal Herriko inauteriak ezagutzeko erakusketa
Herri Ihotea berreskuratzearen harira, Euskal Herriko hainbat tokitan ospatzen diren inauterien inguruko erakusketa bat antolatu da Gabari Gune Irekian. Otsailaren 16tik 20ra egongo da ikusgai, eta Iruñeko San Juan Xar Elkarteak hainbat herritako inauterietako pertsonaien jantziak eta historiak aurkeztuko ditu.
Erakusketa igandean, otsailaren 16an, goizez egongo da zabalik (11:00-13:00), eta astean zehar arratsaldez (17:00-19:00). Bertan, Euskal Herriko inauterien tradizioak eta nortasuna sakonago ezagutzeko aukera izango dute bisitariek.
Lekunberriko Udalak bertako zein kanpoko herritarrak gonbidatzen ditu Ihoteen ospakizunetan parte hartzera. Halaber, jai-giroa errespetuz eta inolako erasorik gabe bizitzeko beharra azpimarratzen da.