Lekunberrik 231.062 euroko laguntzak jaso ditu uraren zikloaren zati bat digitalizatzeko. Dirulaguntza Nafarroako Lurralde Kohesiorako Departamentuak sustatu du, 1,9 milioi euro banatu ditu guztira Nafarroako 22 toki-entitateren artean.
Laguntza horiei esker, udalerriek Tele-kudeaketarako eta Tele-irakurketarako teknologiak ezarriko dituzte, banaketa-sareak sektorizatu eta erregistratu gabeko ura errazago detektatuko da, egon daitezken ur galerak murrizteko helburuz. Ur-galeren arazoak landa-eremuei eragiten die bereziki, eta Nafarroako zenbait eremutan galerak handiak izaten dira; Lekunberrin ere, segundo bakoitzeko 5 litro galtzera iritsi izan gara zenbaitetan.
Hurrengo asteetan hasiko gara egin behar diren lan eta kudeaketa administratiboekin edateko ura banatzen duen sarea sektorizatu eta Tele-irakurketako kontagailuak jarriko dituen proiektua gauzatzeko. Herri jasangarriagoa egiteko bidean, uraren horniduraren digitalizazioa urrats nabarmena izango da hornidura-sarean dauden ihes edo galerak kontrolatzeko, eta herritarrentzat tresna erabilgarria izango da norberak egiten duen kontsumoaren datuak hobeto kontrolatzeko.
