Hilabete batzuk dira Lekunberriko Udalak plaza inguruko mugikortasuna aztertuko duen prozesu parte-hartzailea martxan jarri zuenetik. Askotariko ekarpenak eta ideiak jaso dira diagnostiko fasean; besteak beste, bilerak egin dira herritarrekin eta eragileekin (merkatari, ostalari eta zerbitzuetako ordezkariak, eragile sozialekin, inguruko bizilagunak, herritar interesatuak…), eta galdetegi bat erantzuteko aukera eman zaie herritar guztiei.
Aurreko astean, Lekunberriko Udalak eta prozesu parte-hartzailea gidatzen ari den Hiritik-At enpresa espezializatuko arkitekto taldeak proposamen zehatz bat aurkeztu zuten bi bilera irekitan, diagnostiko fasetik jasotako ekarpenekin. Proposamen zehatz horren inguruan ere ekarpenak egiteko aukera izan zuten herritarrek, eta interbentzio batzuetan adostasun handiak ikusi ziren: frontoiko aparkalekua handitzea, oinezkoentzat bide seguruak egitea…; beste proposamen batzuetan, berriz, moldaketak egiteko beharra dagoela adierazi zuten herritarrek. Behin azken ekarpenak jaso ondoren, behin betiko proposamena aurkeztuko da hurrengo asteetan.
Udalarentzat garrantzitsua da herritarrek ekarpenak eta proposamenak egitea. Oinezkoek, ibilgailuek, bizikletek… elkarrekin bizi behar dugu herrian, eta funtsezkoa da denontzako modukoa izango den Lekunberri eraikitzea, espazio publikoak pertsona guztien beharretara egokituz ikuspegi inklusibo, anitz eta jasangarri batetik.
