Lekunberri jasangarriagoa eta sozialagoa egitea eta espazio, zerbitzu eta eraikin publikoak hobetzea izango da helburua.
- Diru sarrera arruntak igo egin dira aurreko urteekin konparatuz, eta inbertsioek hartuko dute aurrekontuaren %48a.
- Herritarrek eta herriak dituzten beharrei erantzungo dieten proiektu eta arloek izango dute lehentasuna: etxebizitzaren arloan zer-nolako beharrak dauden identifikatzea; uraren zerbitzua digitalizatzea; mugikortasun jasangarria sustatzea; ikastetxea hobetzen jarraitzea; tokiko garapena indartzea; eta kale konponketetan urrats handiak egitea.
Lekunberriko udalbatzarrak bigarren urtez aho batez onartu du 2025erako aurrekontu proiektua. Heldu den urtean, 4.653.319€ko aurrekontua izanen du Lekunberriko Udalak. Aurrekontu hauekin, sendotu egingo da legealdi berri honetan hasitako lana, herritarrek dituzten beharrei erantzungo zaie eta udalerriaren estrategikoak diren inbertsioak bultzatuko dira.
Arkaitz Goikoetxea Lekunberriko alkateak azpimarratu duenez, Gobernu Talde berriak estilo aldaketa bat agindu zuen Lekunberriko Udalean, eta bigarren urtez jarraian, oposizioaren ekarpenak kontuan hartu ditu aurrekontuak osatzeko, lekunberritar guztien sentsibilitatea ordezkatua egon dadin aurrekontuetan ere.
Inbertsioen kapituluak 2.217.836 €-ko partida izanen du, aurrekontu osoaren %48, eta garrantzi handiko zenbait proiektu martxan jartzeko aukera emango dute; besteak beste, uraren zerbitzua digitalizatzeko, 310.650 €-ko partida izanen dugu; Beigorriko parkearen inguruan bizikletentzat zerbitzu integral bat eraikiko da 234.406 €-ko partidarekin; mugikortasun eta turismo jasangarria sustatzeko, bidegorria eta Plazaolako Naturbidea lotuko ditugu (80.217 €-ko partida); eskolan 260.000 euroko inbertsioak egingo dira, atarian portxe bat eraikitzeko, bigarren solairuko lurzorua konpontzeko eta patioko ur-bonbak aldatzeko; Alde Zaharreko eta herriko zenbait kale konpontzeko, berriz, 600.000 € inguruko inbertsioa eginen da.
Tokiko Garapena eta Etxebizitza
Gizarte politikak indartzea eta Tokiko Garapena sustatzea dira zutabe nagusietakoak 2025eko aurrekontuan. Horrela, inbertsio estrategikoekin batera, lehen aldiz, 11.000 €-ko partida sortu dugu etxebizitza politikak bultzatzeko, gure herrian errealitatea nolako den eta beharrak zein diren aztertzeko. Arlo hau lehentasunezkoa izango da Udalarentzat, eta beharren arabera, partida handitzeko intentzioa dugu. Horrekin batera, tokiko garapena sustatzeko, 48000€ partida jarri da, eta horietatik, 10.000 euroko bideratuko dira tokiko merkataritza eta ostalaritza indartzeko. Beste 38.000€ erabiliko dira bertako ekonomia sustatzeko. Ildo horretan, garrantzitsua ikusten dugu Mendialdeko Aktibazio Ekonomikorako Planarekin jarraitzea.
Jasangarritasuna
2025ean, %100 iturri berriztagarrietatik datorren energia elektrikoarekin hornituko ditugu udal instalazioak, behin Goiner kooperatibako bazkide eginda. Horrekin batera, 12.000€ partida sortu da erreka inguruan eta herriko beste puntu batzuetan zuhaitz landaketa egiteko. Herriko mugikortasuna jasangarriagoa egiteko, berriz, 10.000€-ko partida mantenduko dugu 2025ean.
Gizarte politikak, euskara eta kultura
Herrian lanean diharduten kolektiboentzako dirulaguntzen partida ere mantendu egin da. Kultur eta kirol arloko taldeekin hitzarmenak egingo dira komunitatearentzat bizigarri diren ekarpenak egiten jarraitu dezaten. Berdintasunaren arloan, eutsi egiten zaio iazko igoerari, eta 15.000 euroko partida izango dugu 2025ean ere. Berdintasun teknikari baten zerbitzuak kontratatuko dira Mendialdea Mankomunitatetik, eskualde osorako zerbitzua eman dezan.
Beste alde batetik, bi alor transbertsalen aurrekontuak ere hobetu dira, hau da Kulturakoa eta Euskararen arlokoa. Kulturan 10.000 euroko igoera izango du aurrekontuak (+%25), eta euskararen arloan ere pauso garrantzitsua emanen da 2025ean, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartu baita Lekunberriko Udala. Horri esker, euskararen erabateko normalizazio lortzeko eta Euskararen Ordenantza osorik betetzeko pausoak emango ditugu.
Garapen Enpresa Publikoa
Kiroldegia eta Eguneko Zentroa kudeatzen ditu Garapen enpresa publikoak, eta hurrengo urteetanlangileen lan-baldintzak hobetzeko elkarrizketetan ari gara; gure konpromisoa argia da, eta 2025eko aurrekontuetan igo egin dugu horretara bideratzen den diru partida. Horretaz gain, kalitatezko zerbitzua ematen jarraitzeko, kiroldegian inbertsio gehiago egingo da 2025ean. Besteak beste, gimnasioan aparatu berriak jarriko dira eta spinning-eko bizikleta berriak erosiko dira. Paddlepistara urik ez sartzeko neurriak ere hartu nahi dira eta kiroldegiko teilatuko itaxuren aspaldiko arazoari irtenbide bat emateko neurriak ere hartuko dira.
Diru-sarrerak eta finantza-iraunkortasuna
Gobernu talde berriak aurkeztu duen aurrekontuak kudeaketa ekonomiko arduratsua eta orekatua islatzen du. Diru sarrera arruntak 2.783.700 eurokoak dira, eta horrek aukera ematen du Udalaren aurrezki garbia bermatzeko (345.216,66 euro) eta aurrekontuaren egonkortasuna mantentzeko.
Diru sarrera propioak hobetu izanak indartu egin du udalerriaren finantza ahalmena; hori lortzeko, eguneratu egin dira zergak eta tasak (ur kontsumo baxuak sarituz eta ur kontsumo handiei tasak igoz), handitu egin dira kirol instalazio eta jardueretako diru sarrerak eta sendotu egin dira Nafarroako Gobernuaren transferentzia arruntak. Horri guztiari esker, handitu egin da Udalaren inbertsio ahalmena.