- Herritik eta herriarentzat egindako festak izanda, adin guztietarako programa herrikoia, anitza eta parte-hartzailea izatea nahi dugu
- Karpa handiago batek programazio nagusia indartuko du bazkari herrikoiekin, txapelketekin eta emanaldiekin
- Musika, kale animazioa eta jarduera herrikoiak izango dira festen ardatza
Urriaren 8tik 12ra bitartean, Lekunberrik herriko festa nagusiak ospatuko ditu, eta dagoeneko etxeetara iristen ari da programazioa. Urtero bezala, festak hasi aurretik kartel lehiaketako irabazleen aurkezpena egingo da; aurten Andrea Baldak irabazi du festak Iragartzeko kartel lehiaketa nagusien mailan, Aitor Baldak gaztetxoen mailan eta Unai Amoztegik haurretan (haur txikienen saila sortu da aurten, parte-hartzaile asko izaten da eta).
Urtero moduan, herritarrak, herri eragileak eta Udal ordezkariak Festa Batzordean aritu gara elkarlanean, ahalik eta festa herrikoi eta parte hartzaileenak antolatzeko.
Aurtengo jarduerak herriko hainbat txokotara iritsiko dira, eta karpa ere handiagoa izango da, azken urteetan txiki gelditu delako zenbait ekitalditarako, adibidez herri bazkaria egiteko; hori dela eta, karpa handiagoa jartzea erabaki da
Festetako elementu nabarmenetako bat kaleko musika izango da. Goizetik gauera egunero emanaldiak eta animazioa izango da kalean: trikitilariak, txistulariak, txaranga, elektrotxaranga, DJak eta herriko taldeak arituko dira egun bakoitzari erritmoa jartzen.
Asteazkenean, Eztitan erromeria taldea izango dugu, ostiralean Puro Relajo eta Oxabi taldea lehenik, eta ondoren, DJ Jaikide; eta larunbatean, Bambola Dj festa. Igandean, festak ixteko, Joselu Anaiak izango ditugu.
Herriko tabernak ere buru-belarri aritu dira programazioarekin, eta egitarau berezia antolatu dute ostegun gauerako; taberna bakoitzak bere festa tematikoa antolatuko du egun horretan programazio ofizialaren osagarri.
Egitarauak haur, nerabe, gazte eta helduentzako proposamen espezifikoak biltzen ditu, tailerrak, pilota partidak, aizkolariak, jolasak, txapelketak eta ikuskizunak barne. Gastronomiaren arloan, aurten ajoarriero lehiaketa berreskuratuko da (kalderetearen ordez), eta tortilla lehiaketa arrakastatsuak ere izango du bere lekua. Kirolari dagokionez, igandean pilotari profesionalen partidak izango ditugu, eta larunbatean, berriz, aizkolariak: Nafarroako txapelketako kanporaketa. Kulturaren alorrean, urtero moduan bertsolariak izango ditugu larunbatean.
Herritik eta herriarentzat egindako festak izanda, errespetutik, bizikidetzatik eta aniztasunetik bizi behar direla uste dugu. Horregatik, ez da onartuko jarrera edo eraso matxistarik, arrazistarik, homofoborik edo klasistarik. Lekunberriko festak ospakizun ireki eta parte-hartzaileak dira, horregatik ongi pasatzera etortzen diren pertsonak ongi etorriak izango dira.
Aurtengo Txupinazoaren jaurtitzailea Manoli Olaetxea izango da. Egoera ez ohiko batengatik, ez da herri bozkaketarik antolatu egindako proposamenekin, gainerako hautagaiek ezezkoa eman baitzuten bere burua bozketara eramateari. Gauzak horrela, zenbait urten hautagai zian ostean, aurtengoan Manolik hasiera emango die Lekunberriko Festei, urriaren 8an arratsaldeko 19:00etan botako den txupinazoarekin.
Festen aurreko asteburua ere, ekintzaz beteta
Ekitaldiek ez dute jaiak ofizialki hasi arte itxarongo. Urriaren 4an, larunbata, Jaian Jai frontoian jokatuko dira Nafarroako Foru Komunitateak antolatzen duen emakumezkoen 5. Pilota Txapelketako azken partidak, 3 modalitatetan: eskuz, paleta gomaz eta, aurtengo berrikuntza gisa, paleta larruz ere. Jardunaldia 10:00etan hasiko da eta Nafarroako pilotari handiak bilduko ditu.
Igandean, hilak 5, herriko plaza zaporez eta tradizioz beteko da Sagardo Egunaren ospakizunarekin, erdiko karpan jendeari irekitako erakusketa mikologikoarekin batera. Jaiak ofizialki hasi aurretik motorrak berotzeko preludio ezin hobea.
Gora Lekunberriko Festak!