Arkaitz Goikoetxea Lekunberriko alkateak, Jesus Mari Rodriguez Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko zuzendari nagusiak, hainbat udal ordezkarik, obrako enpresetako ordezkariek eta inguruko komertzio eta bizilagunek inauguratu dute kalea.
Ekainean abiatu ziren Alde Zaharreko 14-22 eremua hartzen duen kalea berritzeko lanak, zehazki Galburu okindegitik, Mitxausenea kultur etxera doana, eta bihar, abenduak 23 irekiko dituzte kaleak bere osotasunean. Obra horiek 665.760 euroko aurrekontua izan dute eta 426.000 euroko dirulaguntza jasoko dute Nafarroako Gobernutik. Lanak pasa den martxoan esleitu zituen Lekunberriko Udalak eta ERKI Eraikuntza enpresak egin ditu.
Bizilagunekin harremanetan
Lekunberriko Udalak 3 bilera ireki egin ditu bizilagunekin, horien ekarpenak jasotzeko, eta horri esker, zenbait hobekuntza egin zaizkio hasierako proiektuari. Udaletik balio handia ematen diogu bizilagunen inplikazioari eta jarrerari.
Lan horiekin, 2700 m2 inguruko zoladura berria jarri da, eta ongi zehaztu dira ibilgailuen eta oinezkoen eremuak. Ur beltzen eta euri uren sareak berritu dira eta lehen lurrera isurtzen zuten etxeen teilatuetako euri urak sare berriari lotu zaizkio. Kale honetako ur horniduraren sare orokorra eta etxeetako harguneak berritzeko ere baliatu da alde zaharreko lanen lehen fase hau, eta ureztatze-ahoak eta ur-harguneak ere berritu dira. Elektrizitate, telefono eta argiteriaren sareak lurperatzeko baldintzak jarri dira eta epe motzean kable horiek guztiak lurpetik eramatea aurreikusten da.
Proiektuan ez zeuden hobekuntzak
Lan horiek guztiak egiteaz gain, bestelako hobekuntza batzuk gauzatu ditu Udalak, proiektuan ez zetozenak; besteak beste, kaleko argiteria egokitu eta indartu du, telekomunikazioko sarea zabaldu du proiektutik kanpora gelditzen ziren etxe batzuetaraino. Lanen eremutik gertuko kale txiki bateko sareak eta zoladura ere berritu dira, hasiera batean proiektutik kanpora gelditu arren, etxe batzuk zituzten arazoei konponbidea emateko premia zegoela ikusi da eta.
Alde Zaharrean egin ditugun lan horiekin asko hobetu da herrigune historikoaren estetika, eta aurrerantzean ere eredu berdina erabili nahi genuke Alde Zaharra hartzen duten kale guztiak berritzeko. Dagoeneko dirulaguntzak eskatu ditugu beste bi fase gauzatzeko, Udalarentzat garrantzitsua baita ehunka urte dituen herrigune historikoa txukun eta modu egokian mantentzea.




