2024ko aurrekontuak: Jasangarritasuna eta politika sozialak izango ditu ardatz nagusiak

Lekunberriko Abenduaren 29an egin den Osoko Bilkuran, 2024ko aurrekontuak onartu ziren aho batez. 2024ko. Aurrekontua azken urteetako handiena izango da: 5.203.374 €-koa eta aurreko ekitaldikoa baino 2 milioi handiagoa. 

Aurrekontu hauen %52 inbertsioen atalak hartzen du. Atal honetan nabarmentzekoa da ikastetxean eta haur eskolan arlo energetikoan egin behar den esku-hartzea, 1.534.438 €-koa. Beste gauzen artean, inguratzaile termiko baten bidez eraikina barrutik eta kanpotik isolatuko da. Horrekin batera, kiroldegian biomasa galdara aldatuko da (413.858 €), eta galdara zaharrak sortu izan dituen arazoei konponbidea emango zaie. Bi neurri horiekin, instalazioak jasangarriagoak izango dira eta gastu energetikoak nabarmen jaitsiko direla espero da. Inbertsio horien zatirik handiena Nafarroako Gobernutik eta Europatik etorriko diren funtsekin ordainduko da.

Aurrekontuaren beste zati handi bat zerbitzu publikoen funtzionamenduari dagokio, eta datorren urtera begira zerbitzu horietarako partidak mantendu egin dira.

Arlo soziala, indartuta

Aurrekontuei norabide sozialagoa emateko apustua egin nahi du EHBilduko gobernu taldeak, eta   2024ko aurrekontuarekin eman du lehen pausoa.  

Kulturako diru atalari dagokionez, %25 handitu du aurreko urtearekin alderatuta, eta 40.000 €-koa izan da 2024an, eta partida berri bat izango da ekitaldi soziokulturaletan erabiltzen ziren mahaiak eta aulkiak erosteko, gaur egun daudenak nahiko hondatu daude eta. Horrekin batera, Kultur teknikariaren lanaldia %25 igoko da eta zati hori Larraungo Udalak ordainduko du. Legealdi berri honetan, izan ere, bailarako kultur mahai berria abian jarri ondoren, bi udalen arteko harremana indartzeko asmoa dugu. 

Mugikortasunaren arloa lantzeko 10.000€-ko partida bat jarri da. 2024an Alde Zaharrean eta herriko plazan inguruan egondako arazoak konpontzeko prozesu parte hartzailea finantzatzeko erabiliko da. 

Arlo soziala indartzen jarraitzeko, Berdintasun arloko partida ia 4 aldiz handiagoa izango da: 2023. urtean 4000 € zeuden aurreikusiak eta 2024an 15.000 € jarri dira. Partida hori handituta, buelta emango zaie 2011. urtean egin ziren murrizketei, berdintasunari loturiko programa guztia bertan behera gelditu baitzen. 

Tokiko garapena, mantentze-lanak eta hainbat konpromiso

Tokiko garapenaren arloan, bateratu egin dira turismoa, merkataritza eta aktibazio ekonomikoa; 42.200 €-ko partida izango du, eta hainbat ekimen antolatuko dira: azokak, formazioak, etab.  

Mantentze-lanak hobetzeko, langile bat kontratatuko da sei hilabeterako. Horrekin batera, herriko hainbat punturen azterketa egin ondoren, 2024an hainbat lan egingo dira (Artzanegi kaleko eta frontoi ondoko parkeko argiztapena hobetzea, Ainhoa inguruko ur hodia konpontzea, eskolako patioko bonbak berritzea, eskolako berogailu sistema sektorizatzea, ur ihesak konpontzen jarraitzea…). Lekunberriko Taldearekin ere adostu ditugu beste esku-hartze batzuk, eta horren ondorioz, Beigorriko aparkalekuari zoladura berria emango zaio, Beigorriko parkeko zorua konponduko da edo herriko plazako lur zorua txukunduko da. 

Oposizioarekin izandako bileren ondorioz, hainbat gairi konponbidea emateko konpromisoa hartu du EHBilduko Gobernu Taldeak: Alde Zaharreko lurra berritzeko proiektua  lantzea; herriko trabesia nagusia berritzeko proiektua aztertzea Nafarroako Gobernuarekin; edo Gazte Zentroaren egoera argitzea, kulturgunearen inguruan lanketa egiteko. Gai horietako batzuk aspalditik daude udalean eta garrantzitsua da konponbidea ematea.

Udal Gobernuaren iritziz, garai berri bat abiatu da Lekunberriko Udalean. Eta eskua luzatua du elkarlanerako, eta horrela oposizioak aurkeztu dituen ekarpenak jasoak izan dira; izan ere, ezberdinen arteko adostasuna ezinbestekoa da herria hobetzeko. Eta 2024ko aurrekontuak horien erakusle dira. 

Facebook
Twitter
LinkedIn
WhatsApp
Email