2024ko zergak eta tasak onartu ditu Udalak: Aldaketak izango dira ur horniduren tasan eta kiroldegian

Asteazkenean onartu zituen udal batzarrak 2024a. urteko zergak eta tasak. Udal gobernuaren aldeko bozkekin eta Lekunberriko Taldearen abstentzioarekin. 2024ko diru sarreren azterketa egin ondoren, 2024ko tasa, zerga eta prezio gehienak lehen zeuden bezala uztea erabaki du Lekunberriko Udalak.  Ur hornidurari loturiko tasetan bakarrik egin ditu aldaketak. Honako hauetan, hain zuzen:

1-Herritarrei dagokienez, 10 m3-66 m3 bitarteko tasak %10eko jaitsiera izango du, 0,679 €/m3-tik 0,611€/m3-ra. Urari loturiko gastuen azterketa egin ondoren, udal gobernuak ikusi du badagoela tartea jaitsiera hori egiteko. Ur hornidura oinarrizko zerbitzua da, pertsonen bizitzarako ezinbestekoa, eta harturiko neurriak herritarren gehiengoari eragingo dio. Ur kontsumo altuetan, berriz, 66m3-tik gorakoetan hain zuzen, tasa berdin mantenduko da: 0,937€/m3. 

2-Industriari dagokionez, kontsumorik txikienei ezartzen zaien tasa berdin mantenduko da,  baina kontsumo handietan, 10.000 m3-tik gorakoetan, igoera progresiboak ezarriko dira, %0,5tik %3ra bitartekoak. Igoera horrekin jasoko den dirua Ertzilako iturburuko ur ponpaketak eragiten dituen gastu gehigarriak ordaintzeko erabiliko da. Garai lehorretan, industrialdeko ur eskariaren ondorioz, etxeetara doan ura ponpatu egin behar da ezinbestean, eta horrek gastu bat dakar berekin. Orain arte, industriako ur hornidurak sortzen zituen gastuak ez ziren kontuan hartzen, baina orain bai.

Horrekin batean, kiroldegiko prezioetan igoera bat izango dela azaldu zen udal batzarrean, eta hau Garapen enpresa publikoan landuko zela aurreratu zen; azken urteetan, kiroldegiari loturiko gastuak nabarmen igo dira: 2023an 150.000 € ingurukoa izango da defizita, beste gauzen artean energia garestitu egin delako eta kiroldegiko langileen lan hitzarmena hobetu egin delako. Tasak %5 inguru igotzea aurreikusten du Udal Gobernuak, eta horrekin, jarraitu egingo da langileen lan baldintzak hobetzen eta kiroldegian hobekuntzak egiten. Horretaz gain, beharrezkoa ikusi da gastuen kudeaketa zorrotza egitea; ildo horretan, galdara berria jartzen denean energia gastuak murriztu egingo direla espero da.

Azkenik, Udal Gobernuak konpromisoa hartu du 2024an zehar Saneamendu tasa aztertzeko eta bestelako eredu batzuk planteatzeko; horretaz gain, beharrezkotzat jo du neurri fiskalen azterketa sakona egiten jarraitzea, hobari sistemak martxan jarri eta fiskalitate justuagoa eraikitzeko. Gaur egun adibidez, familia ugariek hobariak dituzten kontribuzioan edo auto elektrikoek  ere bai zirkulazio zergan.

Facebook
Twitter
LinkedIn
WhatsApp
Email