Lekunberriko Udalak 2023rako aurrekontuak aurkeztu ditu

2023ko aurrekontuetarako guztira 3.106.240€ bideratuko dira.

Legegintzaldi honetako aurreko urteetako zifraren antzekoa da, hau da, 1.900€ biztanle bakoitzeko, Nafarroako batez bestekoaren oso gainetik.

Aurrekontuek hiru ardatz nagusi dituzte: zerbitzuak, erronka energetikoari aurre egitea eta hobetze eta mantentze lanak.

Lekunberriko Udalak gaur goizean aurkeztu ditu datorren 2023rako aurrekontuak. Guztira 3.106.240 €-ko zenbatekoa da, legegintzaldi honetako aurreko urteetako antzeko kopurua. Lekunberriko biztanle kopurua kontuan hartuta, azpimarratzekoa da zenbateko horrek biztanleko 1900 €-tik gorako inbertsioa dakarrela, eta Nafarroako batez bestekoa, berriz, biztanleko 1000 €-tik beherakoa dela.

2023rako aurrekontuek hiru ardatz dituzte nagusiki: zerbitzuak, erronka energetikoari aurre egitea eta hobetze eta mantentze lanak.

Lekunberri kalitatezko zerbitzu publiko ugari dituen herria da, eta datorren urtera begira ere horrela izaten jarraitzearen aldeko apustua egingo da. Beraz, zerbitzu horietarako partidak mantendu egin dira.

Bestalde, erronka energetikoari aurre egitea lehen mailako beharra bihurtu da eta Lekunberriko Udalak arlo honetan aurrera egitearen alde egin du. Arlo honetako helburu nagusia iraunkortasuna lortzea da, baita ekonomikoa ere, zerbitzu-mailak mantenduz eta hobetuz, eta kostuak eta finantzaketa optimizatuz.

Orain arte, arlo horretan lan egin da, herritarrei aholkularitzak eskainiz, klima-aldaketaren aurkako ituna sinatuz, ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinak instalatuz, LED argiteria publikoarekin, etab. Etorkizun hurbilari begira, energia-komunitateak sortuko dira (udalekoak eta industriakoak), industrialdea poligono berde bihurtzeko plan bat egingo da, energia berriztagarria metatzeko bateria erraldoi bat instalatzeko proiektu bat, eskolaren birgaitze energetikoa, etab.

Eta azkenik, baina ez garrantzi gutxiagorekin, proiektu txikietarako eta beharrezko konponketetarako zenbateko bat bideratuko da, hala nola aurrekontu parte-hartzaileetarako, industrialdearen sarreran segurtasun-kamerak jartzeko, puntu beltzetako argiztapena hobetzeko, jubilotekarako, etab.

Facebook
Twitter
LinkedIn
WhatsApp
Email