Plazaolako aparkalekuak zoru berria estreinatu du. Agur lokatz eta putzuei.

  • Obra urte berriko urtarrileko lehen astean amaitu da.
  • Eskualdeko zerbitzuen, erabiltzaileen eta herriko bisitarien eskari historikoa da.
  • Udalak hobekuntza berriak aurreikusi ditu urte honetarako, hala nola Bidegorri pasealekuan argiztapena jartzea.

Plazaolako aparkalekuko zoladura berriak aspaldidanik datorren arazo bati erantzuten dio. Lurzoruak urteak zeramatzan egoera txarrean, zuloz beteta. Horregatik, euria egiten zuenean, putzuz eta lokatzez betetzen zen, pertsonen mugikortasuna eta bertako zerbitzuetarako sarbidea zailduz.

Aparkaleku hori turismo bulegora informazio bila joaten direnek erabili ohi dute, Kantinan zerbait hartu nahi dutenek, bizikletak alokatu nahi dituztenek edota Plazaolako bide berdea egiteko abiapuntu gisa kokaleku hori ezartzen dutenek. Beraz, adin, jatorri eta interes guztietako pertsona askori mesede egingo dion obra da hau.

Obra Lekunberriko Udalak eskatuta egin du Nafarroako Gobernuak, Turismo Departamentuaren bitartez. Horri esker, udalarentzat zero kostutan egin ahal izan da.

Gorka Azpiroz, Lekunberriko alkatearen hitzetan (Lekunberriko Taldea), “Inguru honetako zerbitzuen erabiltzaileen eskaera historikoa zen, pozik nago lanen emaitzarekin eta hala adierazi didate beraiek ere. Lekunberri bisitatzera hurbiltzen diren pertsonei ere zerbitzu hobea emateko aurrerapena eta modu polita dela uste dut, are gehiago orain Best Tourism Village saria daukagunean”.

Gainera, Udalak nabarmendu du 2022rako hobekuntza berriak aurreikusi dituela, hala nola Bidegorri pasealekuan argiztapena jartzea.

Facebook
Twitter
LinkedIn
WhatsApp
Email