Lekunberriko eta Larraungo udalek Kudea>Go! mugikortasun partekatuko plataforma aurkeztu dute

KudeaGo app Lekunberri Larraun

CO2 isurketa txikitzeko eta kohesio sozioekonomikoa bultzatzeko balioko du

Landa-eremuan autoa partekatzea ere posible da. Lekunberrin eta Larraunen hamarnaka pertsonek autoa erabili behar dute lanera, ospitalera edo ikastetxera joateko, besteak beste. Bi udalek aurkeztutako zerbitzuak lankidetza-tresna baliagarria izan nahi du kasu horietarako, eta irtenbideak eman nahi ditu hainbat arlotan, hala nola ingurumenean, despopulazioan eta desberdintasunean.

Kudea>GO! aplikazioak autoz egiten den mugikortasuna arrazionalagoa izateko eta gutxiago kutxatzeko helburua du, mugikortasun partekatuaren bidez joan-etorriek ibilgailu pribatuan sortzen duten CO2 isurketa gutxituz. Aplikazioa 70 pertsonako talde baten esperientzia pilotuan oinarrituta dago. Talde horrek 14.782,5 kilogramo CO2 aurreztu zituen, 6 urtez partekatutako 3.285 ibilbideri esker.

Ekimenak, halaber, despopulazioaren arazoari ere erantzun nahi dio. Arazo hori, askotan, oinarrizko zerbitzuak (medikua, bankua, supermerkatua edo ikastetxeak) eskuratzeko desplazamendu-arazoek eragiten dute, batez ere gazteen eta adinekoen kolektiboetan.

Era berean, Kudea>GO! plataforma solidarioa ere bada, zonaldearen kohesio sozioekonomikoa bultzatu nahi duena, Lekunberriko eta Larraungo biztanleen artean sareak eta konplizitateak ehuntzen lagunduz. Prozesu osoa transakzio ekonomikorik gabe bideratzen da; izan ere, herritarra egun batean gidaria izan daiteke eta, beste egun batean, bidai-laguna. Aplikazioaren erabilera erraza da, nahikoa da ibilbidea zehaztea eta beste norbaiti ondo datorkion arte itxarotea.

Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetzen Ituna

Lekunberriko eta Larraungo Udalak Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetzen Ituna sinatu dute, eta 2030 urterako CO2 eta berotegi-efektuko beste gas batzuen isuriak gutxienez % 40 murrizteko konpromisoa hartu dute.

Kudea>GO!-k Nazio Batuen Erakundeak 2030 agendan adostutako garapen jasangarrirako 17 helburuetatik 9 betetzen ditu, eta bi udalek Foru Komunitatearekiko eta Europar Batasunarekiko helburuak eta konpromisoak betetzeko beste tresna bat izango da.

Facebook
Twitter
LinkedIn
WhatsApp
Email